Gogor jo du Igor Astarloak azken bihurgunearen aurretik, baina hasperen bat falta zitzaiola helmugako marra zapaltzeko, Angel Viciosok hartu dio aurrea Plentzian. Orain Once-Eroskikoa da lider.
Euskaltelek gogotik egin du lan gaur. Zenbaiten ustez, larregi. Kilometroak joan ahala, hortxe ibili dira tropelaren buruan Roberto Laiseka, Iker Flores eta Haimar Zubeldia bera ere. Izan ere, lehendabizi biko bat joan da aurrean (Jordi Riera eta Hector Guerra) eta gero lauko bat (aurrekoak, Massimiliano Lelli eta Adriano Tenti). Horiek harrapatu arte, inork ez die erreleborik eman liderraren taldekoei.
Hamar kilometro falta zirela harrapatu dituzte ihes zihoazenak. Eta handik aurrera, komeriak, inork ez baitzuen taldea kontrolatzen. Andraka igotzen, erasoak, bata bestearen ostean. David Etxebarria eta Iban Mayo bera ere, erne aurrean, zer gerta ere.
Azkenean, baina, Saeco eta Telecom jarri dira buruan, lasterketa kontrolatu guran. Eta zortziehun bat metro falta zirela, Igor Astarloak jo du, gogor. Lehen kolpean aurrera egin du eta ia bizikleta bateko aldea atera dio Angel Viciosori, Once-Eroskik aurten egin duen azken fitxajeari. Honek eutsi, ordea, eta poliki-poliki ermuarraren parean jarri eta azken bultzadan, gainditu egin du. Igorri luze egin zaio esprinta. Alejandro Valverderi, ordea, labur. Hogei bat metro gehiago eta denak pasatuko zituzkeen hirugarrenak.
Atzo ezkero 36 txirrindulari zeuden denbora berean. Horregatik, gaur postuak ziren erabakigarri. Eta horiek erabaki dute nor izango den liderra. Bihar Once-Eroskiri tokatuko zaio kontrol lanak egitea.
2. etapa
Sailkapen nagusia
Erantzun
Sartu