Teknologia albisteak
2

Euskadiko Itzulia: 1. etapan, Iban Mayo irabazle

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2003-04-07 : 20:04

Aho bete hortz utzi du tropela Iban Mayo bizkaitarrak. Zortziehun bat metro falta zirelarik helmugara iristeko, gogor jo du, justu tropelak harrapatu dituenean Samuel Sanchez eta Leonardo Piepoli. Ahaleginak egin arren, ez dute harrapatu. Igorreko ilehoria irribarretsu sartu da. Orain bera da liderra.

Bosgarren garaipena poltsikoratu du Iban Mayok gaur. Eta Euskal Herrian irabazten duen lehena. Izan ere, aurreko laurak Frantzian lortu zituen, denak 2001ean, profesionaletan egin zuen lehen urtean. Iaz narrats ibili zen, baina badirudi aurten garaipen gose etorri zaigula.

Bukaera ederra izan du Euskadiko Itzuliko lehen etapa honek. Deskargan erasoak bai, baina inor ez da nabarmendu. Lehenik eta behin Vinokourovek jo du, gero Bassok, Piepolik ere bai, baita Iban Mayok berak ere, baina ezin. Justu metro batzuk falta zirela, Samuel Sanchez Euskaltelekoak jo du eta nahikoa izan du metro batzuetako aldea ateratzeko. Handik behera, ziztu bizian abiatu da. Bakarrik Leonardo Piepolik (iBanesto) jarraitu dio.

Handik aurrerakoa ehiza moduko bat izan da. Bikoa demonioak eramanda bezala, aldapan behera, eta atzetik Fassa Bortolo topean tiraka, Once-Eroskiren laguntzarekin. Azkenean, harrapatu dituzte, baina orduantxe bertan, azken kilometroaren barruan zihoazela, txirrindulari batek jo du ezker aldetik. Berehala egin ditu metro batzuk… eta hortik aurrera, agonia labur bat, ikusi arte iritsiko zela.

Garaipen ederra Iban Mayok gaur irabazi duena. Euskaltel zerbaiten premian zen aurtengo Tourrera joateko, eta hemen du lehen lore sorta. Kontu izan, gainera, David Etxebarria zazpigarren sailkatu dela eta Alberto Martinez hamaikagarren. Hirurak ezin hobeto, beraz, sailkapen nagusia irabazteko.

Sailkapena

  1. Iban Mayo (Euskaltel)
  2. Angel Vicioso (Once-Eroski)
  3. Tyler Hamilton (CSC)
  4. Kim Kirchen (Fassa Bortolo)
  5. Igor Astarloa (Saeco)
  6. Alejandro Valverde (Kelme)
  7. David Etxebarria (Euskaltel)
  8. Davide Rebellin
  9. Casagrande
  10. Alexander Vinokourov (Telecom)

Erantzunak

Arratiko Zekorrak
2003-04-07 : 20:16



Iban Mayo bizkaitarra izateaz gain, Arratiarra da. Igorrekoa, igorreztarra hain zuzen be.



Eutsi goiari Iban.

Toibio Arana
2003-04-08 : 02:27

Earra, earra escribidutaco cronica ori. Es daquit sertan biar eichen daben ori idatzi dabena baña profesional ascoc baño obeto eichen dau! eta benetan diñot.



Neu berandu ailegatzen nais echera eunero eta esquertuco neuque alaco cronicac escribitzen dituenac eunero egingo balittu. Leitzaile bat (neu) aseguratuta izango leuque.



Toibio.

Erantzun

Sartu