Teknologia albisteak

Argazkilari bat kalera, argazki bat manipulatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-04-03 : 11:04

Brian Walski argazkilariak ez du lan gehiagorik egingo Los Angeles Times egunkariarentzat. Kalera egotzi dute, gerra argazki bat manipulatu duelako.

Joan den astelehenean, martxoak 31, Los Angeles Times egunkariak gerrako argazki bat argitaratu zuen lehen orrialdean. Bertan agertzen zen soldadu britainiar bat inguruko herritarrak bideratzen babes bila, Basorako kanpoaldean. Argazkia Brian Walski argazkilariak atera zuen, Basora inguruetan.

Argazkia kaleratu eta gero, hainbat jende konturatu zen zenbait pertsona birritan agertzen direla argazkian. Eta orduan hasi ziren galderak alde guztietan. Argazkilariari berari deitu telefonoz, eta honek aitortu bi argazki manipulatu zituela bere ordenagailuan, hirugarren bat egiteko, osatuagoa eta hobea.

Horregatik egotzi dute argazkilaria, LAT egunkariak debekatu egiten duelako bere argazkiak manipulatzea. Brian Walski 1998a ezkero ari zen egunkari honentzat lanean. Atzo bertan, egunkariko zuzendariak ohar bat atera zuen, gertatutakoa azaltzeko. Hementxe ikus ditzakezue argazkiok.

Argitaratu zuen argazkiaren ezker aldea goiko ezkerreko argazkitik hartuta dago. Eskuin aldeko elementuak, berriz, aterata daude eskuineko argazkitik. Hala ere, ondo konturatzen bazarete, ezker aldean zenbait pertsona birritan agertzen dira.

Argazkia Los Angeles Times egunkarian ezezik, Tribune taldeko hainbat egunkaritan ere argitaratu zen.

Sekulako presioa dago argazkilarien artean, laster emango dira eta Pulitzer Sariak argazki onenei. Eta horretarako Irakeko gerrak sekulako aukera eskaintzen du.

Erantzun

Sartu