Datorren ikasturtetik aurrera, HUHEZIk titulu bat gehiago eskainiko du Irakasle Ikasketen barruan: Hezkuntza Fisikoa. Lehenenengo aldiz Gipuzkoan irakatsiko da, erabat euskaraz.
Datorren ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitateak titulu bat gehiago eskainiko du HUHEZIn, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan: Hezkuntza Fisikoa. Titulu berriak hiru urte iraungo du eta Irakasle Ikasketen barruan emango da.
Iñaxio Oliveri MUko errektoreak azaldu zuenez, Gipuzkoan hauxe izango da era honetako lehen titulua, eta kontuan hartuta zer garrantzi duen gure gizartean osasuna-kirola bikoteak, eskaintza honekin bete egingo dugu hezkuntzan dagoen hutsune bat.
Irakasle Ikasketak hiru espezialitate eskaintzen ditu gaur egun Eskoriatzan: Hezkuntza Berezia, Haur Hezkuntza eta Atzerriko Hizkuntza. Espezialitate berriak hainbat gai komun izango ditu aurrekoekin, baina hiru alor landuko ditu bereziki: kirola, aisialdia eta osasuna.
Dena dela, Mondragon Unibertsitateak bi hitzarmen sinatuko ditu, ziurtatzeko espezialitate berriaren kalitatea. Bat Eskoriatzako Udalarekin, honen kirol instalazioak erabiltzeko. Eta bestea Athlon kirol medikuntzako enpresarekin, honek hartuko baitu bere gain espezialitate berriaren ardura akademikoa. Athlon zerbitzu kooperatiba bat da, MCCren barruan dagoena, eta kirol eta osasun zerbitzuak eskaintzen ditu Debagoienean.
Nolako ezaugarri profesional
Hezkuntza Fisikoak pertsonak eta irakaskuntza uztartuko ditu. Espezialitatea bukatzen duenak jakin izango du nola antolatu taldeak eta zelan diseinatu prestakuntza planak, beti ere kontuan hartuta jendearen premiak. Bestela esanda, diplomadunak perfil hirukoitza izango du: irakasle, ikertzaile eta kudeatzaile. Horregatik, ikasketak bukatutakoan, hainbat irtenbide profesional izango ditu irakaskuntza araututik kanpo ere: aisialdiko begirale gisa, kultura suspertzailetzan edo kirol aholkulari moduan.
Espezialitate hau erabat euskaraz landuko da, nahiz eta diplomadunak gai izango diren gaztelaniaz eta ingelesez ere lan egiteko, Mendeberri proiektuak agintzen duen bezala.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak lau titulu eskaintzen ditu gaur egun: Humanitateak-Enpresa lizentzia, Hizkuntzen Psikopedagogia, Eskuhartze Psikopedagogikoa eta Irakasle Ikasketak, azken hau lau espezialitaterekin.
Erantzun
Sartu