Teknologia albisteak

Bi kazetari aske, preso egon ondoren

Erabiltzailearen aurpegia
Aitita Makurra
2003-04-02 : 17:04

Astebete galduta egon ostean, Matthew McAllester kazetaria eta Moisés Samán argazkilari espainiarra Jordaniako muga ondoan agertu dira, onik. Zazpi egun igaro dituzte Irakeko espetxe batean, espioiak zirelako akusaziopean.

Bart gauean amaitu zen amesgaiztoa Matthew McAllester eta Moisés Samánentzat. Dena hasi zen martxoaren 24an, Bagdadeko Palestine International hotelean. Bat-batean, Irakeko inteligentziako agenteak gelan sartu eta preso hartu zituzten Newsday egunkariko kazetaria eta argazkilaria. Eskuburdinak ipini eta Abu Ghraib espetxera eraman zituzten, arabiar herrialdeetan dagoen espetxerik handienera.

“Preso hartu gintuzten, uste izan zutelako amerikar espioiak ginela”, esan du McAllesterrek gaur goizean The Guardian egunkarian. “Pentsatu genuen edozein momentutan hil gintzaketela”. Antza denez, hainbat galdaketa egin zieten, bakoitzari bere aldetik, batzuetan 12 bat ofizialen aurrean. “Salatu zidaten zintzo ez izana eta eskatu zidaten informazioa ematea, neurez, beraiek eskatu beharrik gabe”.

Kazetari biek aitortu dute ez dituztela torturatu edo ez dutela tratu txarrik jaso, nahiz eta egoera gogorra izan espetxean. Aldiz, esan dute oihu asko entzun zituztela, hainbat preso torturatzen ari zirelako eta hainbaten aurpegiak ere ikusi zituztela, erabat handituta eta odoletan. “Jendea torturatzen ari ziren gure ziegaren kanpoaldean, korridorean”, esan du McAllesterrek.

Newsday egunkariak erabili ditu bitartekari moduan Jesse Jackson apaiz amerikarra eta Vatikanoaren nuntzioa Bagdaden, baina batez ere Yasir Arafat, Palestinar Agintaritzako burua. Hauen lanari esker, aske irten ziren kazetariak atzo iluntzean. Esandako kazetarien ondoan beste hiru zeuden, Molly Bingham argazkilari amerikarra, Johan Spanner argazkilari daniarra eta hirugarren bat.

Erantzun

Sartu