Destino Bilbao: denon diruaz eta erdaraz
Atzoko Deiak zekarren, "Carta a un amigo-Lagun batentzako eskutitza" ekimena abiarazi zutela, Bilbo hiria famatzeko. 15.000 euroko saria nagusia dauka, goxoki ederra inondik ere. Eta zehaztasunen bila, kontu susmagarri zenbait topatu dut.
Aipatu www.destinobilbao.biz helbidean dago informazioa. Sei ataletan bereizita dago, goian Bizkaiko Foru Aldundiaren mantxeta eta guzti. Bada, webgune osoa erdara hutsean dago, aipatu lehiaketa salbu (eta hor ere, Bilboren gaineko aipuak erdaraz dagoz). Jendeari eskatzen zaio Arquitectura-Bilbainismo-Deportes-Gastronomía eta Humor ataletan iritzia ematea.
Bigarrenean adibidez, bilbotar onaren ezaugarriak aipatzeko eskatzen da... tira, patetikoa esanda labur gelditzen gara.
Bilboko hotelek abiarazi dutela kontuan izanda, baina Aldundiaren laguntza dauka aitzitik, pentsatzekoa da zeren bila dabiltzan. Bilbo hirira etortzera animatzeko, lagun bati egindako gutunak eskatzen dituzte, eta sekulako sariak eman ere bai. Publizitate kanpaina baterako-edo erabilgarri den lema ere eskatzen dute. Baina hizkuntzari buruz hitz erdirik ez. Ez eta epaimahaikide nortzuk izango diren ere. Eta herri honetan egindako esperientziak ikusita, susmoa dut sari guztiak erdaraz izango direla, txikikeriaren bat salbu agian, eta ez mezu gehiago daudelako hizkuntza horretan, ezpada epaimahaikideek eurek ere euskararik jakingo ez dutelako!
Aurretiaz dudan susmoa da, gustura aitortuko nukeena oker nenbilela, baina denon diruz lagundutako kontu honi hartzen diodan usaina...
Erantzunak kargatzen...