Teknologia albisteak

Kirol-ekitaldiak kudeatzeko sistema berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Basque Research-etik
2003-04-01 : 14:04

k-Speed/ Kiroltek proiektua denbora kudeatzeko, puntuatzeko eta emaitzak denbora errealean aurkezteko sistema bat da. Gailu eramangarrietan (esku-ordenagailuak, adibidez), irrati-frekuentziako sare lokaleko hari gabeko teknologietan eta Interneteko aplikazioetan oinarritzen da.

Basqueresearch-en irakurri dugu sistema honen berri eta handik Sustatura ekarri: Kirol-ekitaldietan puntuazioa kalkulatzeko, sailkapenak egiteko eta emaitzak denbora errealean banatzeko balio du sistemak.

Gune handietan (zelai, ibai, itsaso, estadio edo kiroldegi) antolatzen diren norgehiagoketarako sistema da k-Speed/ Kiroltek. Horietan, maiz, ekitaldi bat baino gehiago puntuatu behar izaten da aldi berean eta guztizko denborak eta denbora partzialak hartu behar izaten dira kontuan.

Sistemaren oinarrizko elementuak

k-Speed/ Kiroltek sistemak irrati-frekuentzia (RFID- Radio Frequency Identification) bidez parte-hartzaile bakoitza identifikatzeko aukera eskaintzen du eta toki jakin batetik pasatzen denean ordura arteko ibilbidea zenbat denboran egin duen jakinarazten du.

RFID automatikoki identifikatzeko sistema, hain zuzen ere, barra-kodeen teknologiaren antzekoa da. Aplikazio bera dute, aldatzen den gauza bakarra zera da: RFID sistemak irrati-frekuentziako seinalea erabiltzen duela seinale optikoa erabili beharrean.

Barra-kodeek irakurgailu bat eta etiketak erabiltzen dituzte. RFID sisteman, aldiz, irakurgailu bat eta txartel berezi bat (Transponder) erabiltzen dira. Barra-kodeen etiketak irakurtzeko laser izpi baten isla erabiltzen da; RFID sistemak, berriz, potentzia baxuko irrati-frekuentzia seinale bat erabiltzen du.

RFID sistemak honako osagaiak erabiltzen ditu:

  • Identifikazio-kode bat duen Transponder gailua.
  • Irakurgailuak eta RFID gailuak irrati-frekuentzia bidezko seinaleak igorri ahal izateko antena.
  • Irrati-frekuentziako modulua
  • Irakurgailua edo modulu digitala: irrati-frekuentziako transmisioak RFIDtik jaso eta datuak zerbitzarira igortzen ditu ondoren prozesa daitezen.

RFID sistemaz gain, epaile bakoitzak esku-ordenagailu bat du beharrezko informazio guztia jaso eta kontrolatu ahal izateko.

Sistemaren abantailak

Emaitzak denbora errealean aurkezten direnez, ikuskizunak bizitasun eta errealismo gehiago izan ohi du. Horrela hutsarteak saihesten dira eta ikusleek, ekitaldian bertan daudenek eta hedabideen bidez zuzenean ikusten ari direnek, ekitaldia intentsitate handiagoarekin bizitzeko aukera dute.

Bestalde, bata bestearen atzetik aritzen diren kirolarien probetan, guztiek (epaile, ikusle, kazetari), parte-hartzaile denen emaitzak segituan jasotzeko aukera dute. Partaideak, berriz, beren aurretik pasa diren lehiakideen emaitzez jabetzen ahal dira eta informazio hori oso baliagarria izan dakieke lehiatzen hasi aurretik

Emaitzak argitaratzea guztien intereserako da: lehiaketa ikustera hurbildu den publikoak markagailu elektroniko erraldoietan ikusten ahalko ditu; komunikabideak barne-sarera konektatu eta beren ikus-entzuleei bat-batean eskainiko diete informazioa; eta, azkenik, datuak antolatzaileek prestaturiko web orri batera igortzen dira. Horrela, lehiaketako emaitzen jarraipena zuzenean egin daiteke munduko edozein txokotatik.

Horrez gain, SMS motako mezu sistemak konekta daitezke lehiaketan interesaturik dauden pertsonek informazioa jaso dezaten txapelketa igarotzen ari den une berean. Azkenik, sistema hori telebistara konekta daiteke; horrela, sailkapena eta emaitza denak ekitaldiaren berri ematen ari diren telebista-kateetan ere izango dira ikusgai.

Erantzun

Sartu