Salam Pax: Bagdadeko berriemailea
Reuters agentziak eman zuen haren berri. Baita MSNBC albistariak ere. Harrezkero, ospetsu bihurtu da Salam Pax Bagdadeko hiritarrak sortutako webloga.
Salamek ingelesez eta alemanez idazten du. Argi hitz egin du inbasioaren aurka, baina erakutsi du, halaber, ez duela maite Iraken gobernua. Maiz samar, bera eta bere senitartekoak kalera irteten dira, ikusteko bonben ondorioak. Gaur eguerdia baino lehen, idatzi zuen behin, kalera irten naiz neure lehengusuarekin, hiria ikusteko. Bi gauza: 1. Erasoak zehatzak dira. 2. Erasotzen ari dira jopuntu batzuk, hurbilegi daudenak Bagdadeko zibilengandik.
Larunbatean berriz, kontatu zuen nola ikusi zituen poliziak su ematen lubakietan isuritako petrolioari, bonba-hegazkinen lana oztopatze aldera.
Askok (eta apustua egingo nuke aliatuek ere bai) espero zuten gauzak arrunt errazagoak izango zirela. Baina jendeak ez ditu kaleak bete amerikarrei ongi etorria egiteko, eta ez dira amore ematen, milaka. Jendea egiten ari da denok egiten ari garen gauza bera, etxean egon, atea itxi eta itxaron bonbaren bat ez zaiela eroriko gainean. Horrelako gauzak idazten ditu Salam Paxek.
Zer dakigun Salam Paxen gainean
Nor ote, baina, Salam Pax? Eztabaida bizia sortu da bazterretan, eta batzuek zalantzan jarri dute benetako hiritarra ote den ala CIA edo Mossad espioitzako agentziek sortutako satorra.
Hala ere, zenbait gauza badakigu Salam Paxen gainean. Hona hemen, adibidez, Paul Boutin kazetariak zer idatzi duen honen inguruan:
- Salam eta Pax hitzek bakea esan nahi dute, lehena arabieraz eta bigarrena latinez.
- Salam Paxek dio konektatzen dela sarera Uruklink izeneko ISPren bidez, Irakeko gobernuak kontrolatzen duena.
- Salamen bloga ostatuta dago Santa Claran, Californian, Blogspot.com enpresan, eta horretarako erabiltzen du Blogger enpresaren softwarea.
- Gutxienez amerikar batek jaso du pakete bat Salam Paxek bidalita, Jordanian duen lagun baten bidez, Raed izenekoa.
- Behin baino gehiagotan frogatu du bere informazioa zuzena dela.
Ospetsu egin bezain laster, bere zerbitzaria pikutara joan zen, eta ez zen posible izan haren bloga aurkitzerik, ez dakigu blokeatu egin zelako edo baten batek apropos hondatu zuelako. Hori dela eta, bi egunean zehar Salamek ezin izan du idatzi.
Baina orain Google bilatzaileak sortu du haren helbide elektronikoaren ispilu moduko bat, jendea erraz sar dadin dadin haren egunerokoan. Izan ere, Sustatun aurreratu genizuen bezala, Google baita orain Blogspot.com enpresaren jabea. Salamek eskerrak eman dizkie enpresa biei, eman dioten laguntzagatik.
Weblogen eragina begibistan
Inork zalantzarik bazuen weblogen eraginaz, hemen ditu bi kasu aztergai, erakusten dutenak komunikabide dinamiko, bizi eta eraginkorrak direla. Bata da Sustatu bera, Egunkaria itxi zutenean, bera bihurtu baitzen erreferentzia nagusietako bat informazioa eta iritziak biltzeko. Bai euskaraz eta bai ingelesez. Eta bestea, Salam Pax, Bagdaden bihotzean.
Jakin nahi duzuenok zehatzago zer den weblog edo blog delakoa, hementxe duzue informazio gehiago.
Erantzunak kargatzen...