Internet&Euskadi euskal Internauten elkartearen sormena ezagutzera emango da Sopelanako kultura etxean, martxoaren 29an. 100 Internautak emango dute ezagutzera elkarte hau.
Elkarte honen helburuak eritzi-foroa izatea, eta beste elkarteen laguntzarekin, Euskal Herrian informazioaren teknologi berriak bultzatzea dira. Taldea Euskal geografi osoko ehun internauta baino gehiagoren eskutik sortu da, enpresa, unibertsitate, erakunde, giza eta kultur esparru ezberdinetatik, eta bere filosofiarekin bat datozenentzat irekita dago.
Aurkezpen ofizialarekin batera, elkarteak mahainguru bat antolatu du, tokian tokiko erakundeek zer eskainiko duten euskal internautei udal hauteskunde hauetan delako gaiarekin. Bizkaiko Foru Aldun nagusi ordekoa, Jose Luis Bilbaok; Amurrioko alkatea, Pablo Isasik; Getxoko alkatea, Iñaki Zarraoak; Irungo alkateordea, Miguel Angel Paezek; eta baita "Internet&Euskadi" elkarteko lehendakari eta lehendakariordea, Valentín Garcíak eta Rafael Larreinak ere, hurrenez hurren, parte hartuko dute ekimenean.
Elkartearen egoitza Sopelanan dago, bere ezaugarri bereziak direla eta: internauten kopururik handieneko udaletariko bat, teknologi berriak hedatzeko ekimen batzuen sorlekua eta Euskadiko telekomunikazioen sare handien zentro geografikoa da.
Elkarteko kideek uste dute Informazio Gizarteak nahiz eta nabarmen aurrera egin, bide luzea daukagula oraindik eta, beraz, euskal hiritarrek bere finkapenean parte hartu behar dutela. Eta bere helburuen artean, elkarteak komunikazio eta informazio teknologi berri horiek jende kopuru handienera zabaltzeko lan egingo du, eta baita euskararen erabilera bultzatzen ere.
Gainera, teknologia berri horiek gizarte zibilean eragindako eta eragingo dituzten aldaketa eta berritasunen aurrean honen interesen defendatzailea izango da. Halaber, elkarteak aurtendik aurrera euskal web orririk onenarentzako Buber sari entzutetsua antolatuko du, bere laugarren edizioan dagoena.
Informazio gehiagorako, interneteuskadi.org
Erantzun
Sartu