Sustatu logoa Teknologia albisteak

Saddam Hussein hilda egon liteke

Sustatu
2003-03-21 12:03

Gerrak, behin hasita, ez dira egiten guduzelaietan bakarrik. Edo beste modu batean esanda: dena bihurtzen da guduzelai, informazioa barne. Alde guztiek desinformazioa zabaltzen dute, etsaiari min egiteko eta jendearen iritziak nork bere aldera makurrarazteko. Honako kasu hau izan liteke, edo ez, horietako bat. Hala ere, Sustatun pentsatu dugu merezi duela ekartzea, ikusteko gero zertan geratzen den.

The Washington Post egunkariak eta NBC telebistak esan dute Saddam Hussein Irakeko lehendakaria bunker batean zegoela bere seme batekin, edo biekin, Bagdadeko kanpo aldean, amerikarren misilek jo zutenean bunkerrean. Hiru kazetarik sinatzen dute informazioa, tartean Bob Woodward, Watergate kasua argitzen lagundu zuen kazetarietako bat.

Hedabide biak oinarritzen dira gobernuaren informazio iturrietan, nahiz eta izenik aipatu ez. Haiek esanda, AEBetako inteligentzia zerbitzuek uste dute bai Saddam eta baita bere seme bat edo biak (Qusay eta Uday) bunkerrean zeudela. Baina ez dakite seguru Saddamek bizirik segitezen duen, zauriturik ala ihes egin ote zuen.

AEBetako administrazioan dabilen beste goi kargu batek, aldiz, dio “frogak daudela Hussein gutxienez zauritu zutela”, laguntza medikoa eskatu baitzuten, presaka eta korrika. Aitzitik, inork ez daki Saddamen semeen berririk.

Saddam, telebistan

Lehen bonbardaketaren ostean, Saddam Husseinek (edo haren doble batek) hitz egin zuen telebistan, non aipatu zituen “egunsentia” eta “amerikarren bonbardaketa”. Amerikarrek diote bazekitela Saddamek hainbat hitzaldi grabatu zituela bonbardaketa hasi aurretik, badaezpada. Horregatik, lupaz ari dira aztertzen hitzaldia, ikusteko pantailan agertzen dena Saddam bera den edo beste norbait, antz handia duena lehendakariarekin.

Woodwardek-eta diote analisi teknikoek erabaki dutela pantailan agertzen dena Hussein bera dela. Horretarako erabili dituzte hainbat teknika digital eta neurtu dituzte aurpegien neurriak.

Saddamen aspaldiko maitalea

Hala ere, Washingtongo agintariek kontsulta egin diote Parisoula Lampsos andreari, zeinek gainditu baitu poligrafoa, frogatzeko Saddamen maitalea izan zela urte luzeetan. Agintariek diotenez, dozena bat aldiz, Parisoulak bereiztu ditu benetako Saddam eta haren dobleak.

Kontua da Saddamen amorante ohiak esan duela atzo telebistan agertu zen gizona ez zela Saddam, beste bat baizik.

Amerikarrek garbitu egin nahi izan zuten Iraken buruzagitza, gerraren nondik norakoa erabat aldatzeko asmoarekin. Lortu dute? Chi lo sá, nork jakin.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu