Pello Zubiria irten da espetxetik
Malores ate nagusian zen zain eta ate horretatik atera da Pello. Itxaroten zeudenengana Maloresen eskutik egin du bidea. Itxura batean osasuntsu, alai, baina argal. Berba egiteko gogoz atera da eta medioei eman dizkie azalpen batzuk. Guk jaso ditugu gutxi batzuk nahiz eta berak esan bezala ez duen gogoratzen oso ongi gertatutakoa. Izango da aukerarik beraren inpresioak medio honetan jasotzeko ere. Lehen ere idatzi du artikulurik Pellok Sustatun.
Soto del Realetik ateratakoan esan du:
Ez dut ongi gogoratzen momentu batetik aurrera. Gogoratzen dut Oihu asko entzun ditudala barruan. Gogorra izan da Guardia zibilaren eskuetan egotea. Denbora gutxi pasa dut beraiekin, baina gogorra izan da. Gero nahastu egin nintzen Egunkariaren sorreran lan egin zuen bat negarrez entzun nuenean. Gizon ixila naiz eta beldurtia eta... bullaka hasi nintzen eta nere buruarekin atea joka. Ordutik aurrerakoaz ez dut oroimen garbirik.
Egunkaria ETArekin lotzea gezur biribila da. Nik orain ez daukat analisia egiteko buru argirik, baina gezurra zutabetzat hartuta eraiki dute dena. Guk badakigu nola egin den Egunkaria, sorrera-sorreratik gainera. Zer gezur antolatu den... Ez naiz enteratu zein zerikusi duen honek joko politikoarekin eta abar, baina en fin... izango du ezkutuko zerikusiren bat ze argi dagoena da ETA-Egunkaria loturarik ez dagoela
Fidantzapean dago kalean. 12.000 euro ordaindu ostean atera da Pello espetxetik.
Gogoratu behar da oraindik barruan jarraitzen dutela operazio honetan atxilotutako beste hiru lagunek: Xabier Alegría, Xabier Oleaga eta Iñaki Uriak, hain zuzen.
Erantzunak kargatzen...