Teknologia albisteak

Informatikari Euskaldunen IV. Bilkura (IEB2003)

Erabiltzailearen aurpegia
Ainhoa Latatu - UEU
2003-03-13 : 19:03

UEUko Informatika Sailak antolatzen duen Informatikari Euskaldunen IV. Bilkura (IEB2003) apirilaren 4an Miramar Jauregian izango da Informatikaria gizarte elektronikoan gaiaren inguruan.

Aurreko ekitaldiek izaniko harrera onak bultzaturik, laugarren aldiz antolatu nahi izan du UEUko Informatika Sailak bilkura hau, informatikari euskaldunak elkartzeko asmoz.

Gai nagusia, oraingoan, Informatikaria gizarte elektronikoan da. Gero eta gehiago esaten da gizarte elektronikoan, e-gizartean, bizi garela. Administrazioan zein irakaskuntzan, komunikabideetan zein merkataritzan, instituzio zein gizarte mugimenduetan, gero eta gehiago ari dira sartzen informatika, eta informatikarekin zerikusia duten beste teknologia batzuk. Honen aurrean, zer eginkizun betetzen du informatikariak? Lagundu ote dezake gizarte euskaldunago bat lortzen? Horren guztiaren inguruan osatu nahi genuke laugarren bilkura hau.

Gai nagusia hori izanik ere, informatikan euskaraz jarduteak berarekin dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua jardunaldiko mintzagaien artean. Informatikaren inguruan gabiltzanok –softwaregile eta erabiltzaile, ikasle eta irakasle, teknikari, eta beste– bildu, elkarrekin eguna eman, eta komun ditugun arazoei erantzun eguneratu bat bilatzen saiatzea dugu, bada, helburu nagusia.

Matrikula egiteko lehenengo epea martxoaren 28an bukatzen da. Matrikula-orria edo Informatikari Euskaldunen IV. Bilkuraren inguruko informazio gehiago hemen lortuko duzu.

Erantzun

Sartu