Sustatu logoa Teknologia albisteak

Egunkaria aurrera puntu net: web ekintza sarean

Aurrera.net - Kontseilua
2003-03-12 18:03

Martxoaren 13an Egunkariarekiko Elkartasun Eguna egingo da Kontseiluak eta Egunkariako langileek deituta. Hainbat sektoretako kideak egun horretarako beren ekarpena egiten ari dira eta euskal internautek ere egin dute berena: www.aurrera.net webgunea sortu dute, euskararen aurkako erasoei buruzko informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko.

Izan ere nazioartean Egunkariaren ixtearen inguruan informazio hutsune handia dagoela ikusi dute eta nazioarteko hainbat erakunde eta komunikabidetatik informazio eskaera ugari jaso dira. www.aurrera.net-en bidez euskaldunon hizkuntz eskubideen aurkako erasoen inguruan sortzen diren albisteak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez zabalduko dira mundu osoan zehar.

Oso dinamikoa izango da webgune hau, izan ere edonork baitu bertara albisteak edo ekarpenak bidaltzeko aukera, eta horrela hainbat lekutatik etorritako informazioarekin osatuko da webgunea.

Kontseiluak eta Egunkariako langileek kudeatuko dute webgune berri hau. Bai Kontseiluak eta bai Egunkariako langileek ere garrantzi berezia eman diote afera hau nazioartean salatzeari eta hainbat ekimen egin dituzte horren inguruan, beti ere adierazpen askatasuna eta hizkuntza gutxituei buruzko eskuduntzak dituzten erakundeek horrelako erasoak eragozteko urratsak egin ditzaten eskatuz.

Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez “Gaur egun ezinbestekoa da internet bezalako tresnak erabiltzea horrelako salaketak mundu osora helarazteko. Nazioarteko iritzi publikoak eta erakundeek ere jakin egin behar dute euskalgintzako hainbat erakunderen aurka egin diren erasoen eta horien ondorioen berri”.

Kontseiluko eta Egunkariako arduradunek eskerrak eman nahi izan dizkiete ekimen hau abiarazi duten internauta eta informatikariei eta beren laguntzarekin proiektua hain denbora laburrean abiaraztea lortu dutenei.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu