Teknologia albisteak

Nafarroako Bertso Txapelketa abian

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Abril - Nafarroako Bertsozale Elkartea
2003-03-07 : 11:03

Nafarroako Bertso Txapelketa igandean hasiko da Elizondon, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako 18 bertsolariren parte hartzearekin. 25 urte dira Txapelketa berreskuratu zela, eta bere lekua izanen du aurten, lehenbizikoz, txapelketak interneten, Bertsozale Elkartearen webgunean.

Igande honetan emanen zaio hasiera Nafarroako Txapelketari, Elizondon. Bertze urte batez, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko bertsolariak elkartu eta urtean zehar egiten den lanari leihoa zabaltzea da Txapelketaren helburu. Aurretik egindako sailkapen faseen bidez hautatu dira 18 bertsolariak.

Elizondon Sustrai Colina, Egoitz Zelaia, Bittor Elizagoien, Oskar Estanga, Julen Zelaieta eta Nerea Bruño ariko dira. Aipagarria da Elizagoienek 25. txapelketa jarraian izanen duela, 1979an txapelketa berreskuratu zenetik aritu baita urtero-urtero.

Martxoaren 16an Baigorrin bertze 6 bertsolari ariko dira: Amets Arzallus (azken hiru urteetako txapelduna), Fermin Mihura, Eneritz Zabaleta, Estitxu Arozena, Joxe Juan Zubieta "Etxabe" eta Joseba Beltza.

Martxoaren 23an Miren Artetxe, Xabier Silveira, Xabier Legarreta "Arano", Iñigo Olaetxea, Aritz Saragueta eta Iñigo Ibarra Goizuetan ariko dira. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, eta bortz puntuazio onenekin osatuko da zortzikotea. Finala Zambra aretoan izanen da, martxoaren 30ean, Lesakan.

Txapelketa berreskuratu zela 25 urte dira , eta aurten, lehenbizikoz, jarraitu ahal izanen da internet bidez txapelketa. Informazio zehatza bildu da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen webgunean.

Erantzun

Sartu