Teknologia albisteak
1

jardunaldi polita

Erabiltzailearen aurpegia
markos zapiain - bermeoko talatik
2003-03-05 : 09:03

Berebiziko jardunaldia Kalderapekon, Perro kalean, "Xukela" tabernaren aurrean (hain zuzen, "xukela"k erromintxelaz "zakur" esan nahi du, Iñigo Aranbarrik dioenez), arinegi ahantziriko hiru eleberri mardoen gainean: Koldo Izagirreren "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak", Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua" eta Aingeru Epaltzaren "Rock'n'roll", martxoaren 19, 20 eta 21ean, hurrenez hurren, zortzietatik goiti.

Iseka egiten ohi diogu psikoanalisiari -eta ulergarria da, hain baitira analistak harroputzak eta diruzaleak, hain baitizute luzaro itxaronarazten-, baina benetako zerbait jazotzen zaigunean, Egunkaria torturatzen digutenean adibidez, berehala oroitzen gara aitaren jauregiaz eta amaren suaz, eta aurrez aurre ditugu paratzen, psikoanalistek bezalaxe.

Ordea, aitaren jauregia zein amaren sua, amumaren txitxilinoren batek sortzen ditu. Euskal amumak, bestalde, milaka txitxilino ditu, eta beharrezkoak izango litzaizkiguke, balizko aitaren jauregia militarkeriak eta hierarkiakeriak kutsa ez dezan, zein amaren sua sentimentalkeriak.

Euskal amumaren txitxilinoetako bat da Metxaren giderrik gabeko koilara, erakusten baitigu, besteak beste, ipuinez ipuin egiak sortuz ibiltzen.

Beste batek, tip tip tap tip top tip egiten duen idazmakinak, "Lagun izoztua" armatzera bultzatzen du Armando, hots, zirriborroak etengabe pilatu barik, ganorazko eleberri bat asmatzera.

Hirugarren batek, garaiz eta errabiaz jaurtiriko whisky botila batek, euri zaparrada frexkagarri bat dakarkio Edu Saraguetari. Aurreko egunetako bero itogarrian aurka zituen emakumeak; jaurtiketaren ondotik, berriz hurbilduko zaizkio.

Azken batean, artistek garbi iradokitzen digute, ostera ere, zein behar duen euskal politikaren lehentasun estrategikoak: euskal amumaren milaka txitxilinoak tentetzea, soilik zutitze orokor horrek bilaka baitezake desiragarri amatxuren sua hauspotzea, are aitaren jauregia eraikitzea.

Helburu hori gogoan, beraz, jardunaldi bat egingo da Bilboko Kalderapeko goxoan.

  • Martxoaren 19, asteazkena: Koldo Izagirreren "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak"en gainean Patxi Gaztelumendi, Jon Benito eta Iñigo Aranbarri arituko dira, Izagirre bertan dela.
  • Martxoaren 20, osteguna: Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua"z, Aitzpea Azkorbebeitia, Igor Estankona eta Patziku Perurena. Sarrionandiak ziurtatu digu, sinetsi beharko, mandatu batzuk egin behar dituela Swansea aldean udaberri hasieran, kasualidadia, eta Xabier Mendiguren Elizegi izango dugu haren ordez.
  • Martxoaren 21, ostirala: Aingeru Epaltzaren "Rock'n'roll"i buruz, Ibon Egaña, Gotzon Hermosilla eta Iban Zaldua. Bertan izango da Aingeru Epaltza bera ere.

Ziur aski hizlariren bat edo pare bat bederen jardunaldia baino lehen atxilotua izango denez, ordezko bat bada dagoeneko, eta besteren baten bila gabiltza.

Erantzunak

Sustatu
2003-03-18 : 12:04

Jardunaldi hauen babesle izango da Sustatu, tarifa merke bat ordainduta: Jardunaldiak bitarte, gure orrietan eta portadan iragarkia jarri diogu. Ez da kexatuko gero Markos Zapiain ziber-antolatzailea.


Informazio gehiago hemen


Erantzun

Sartu