Teknologia albisteak

Kontseiluak hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko arte erakusketa zabaldu du, Nafarroa Oinez-en alde

Erabiltzailearen aurpegia
Larraitz Mendizabal - Kontseilua
2003-03-07 : 09:03

Erakusketa hau egiteko erabakia Euskaldunon Egunkariaren itxieraren aurretik erabakita zeukaten Kontseiluak eta Nafarroa Oinezek, baina gertaera larri horrek are zentzu handiagoa ematen dio aldarrikapenari.

Erakusketa martxoaren 9ra arte Bilboko Euskal Museoan egongo da ikusgai eta Euskal Herri osoan ibiliko da datozen hilabeteotan. 80 artista baino gehiagoren artelanak biltzen ditu erakusketak, tartean Oteiza, Zumeta, Juan Luis Goenaga, Mikel Urmeneta edo Juan Gorritirenak. Obren salmentatik aterako den dirua Nafarroa Oinezek jasoko du.

Xabier Mendiguren, Kontseiluko idazkari nagusiak arte erakusketaren katalogoan azaltzen duenez, "Arte-erakusketa bat herri baten jarduera kultural, estetiko eta espiritualaren adierazgarri da beti, horregatik lotura estua izaten du herri horren sentiera eta hizkuntza adierazpenarekin."

Ildo horretatik, hizkuntza eskubideen deklarazio unibertsalaren 45. artikulua aipatu Xabier Mendigurenek: Hizkuntz komunitate orok eskubidea dauka lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia har dezan kultur gertakarietan eta zerbitzuetan, hala nolaliburutegia, bideotekak, zinemak, teatroak, museoak, artxiboak informatika-ekoizpena, folklorea, kulturaren industriak, eta kulturbizitzatik eratorritako beste agerkari guztiak.

Nafarroa Oinez 03ko arduradunez ustez, Irunberriko ikastolak lanean jarrai dezan eraikin egokia egiteko dirua biltzen lagunduko du erakusketa honek. Nafarroan euskararekin zerikusia duen edozein proiekturekin jarraitzen den oztopo politikari kontra eginen dion ekarpena izango da. Zentzu horretan, Ikastolak Kontseiluari Arte Erakusketa prestatzeko eman duen laguntza eskertu nahi dio. Era berean artisten ekarpen baliotsua ere eskertu nahi dugu, bere artelanekin posible egin baitute erakusketa hau. Arte Erakusketa ikustera animatzen zaituztegu denak, aurkezten diren lanekin gozatuko duzuelakoan.

Erantzun

Sartu