Komunikabideetako profesionalak, Egunkariarekiko elkartasunez
2003-03-01 14:03
Une zail eta latz hauetan, gure lehen hitza elkartasuna da. Adierazpen hau sinatzen dugun Euskal Herriko komunikabideetako arduradun, profesional eta langileok, lehen-lehenik, elkartasuna adierazi nahi diegu zentzugabekeriaren atzaparrak sentitu dituzten Euskaldunon Egunkariako arduradun, arduradun ohi eta gainerako lagunei eta haien hurbilekoei, bizi izan duten egoera bidegabeagatik eta batzuek jasan duten tratu umiliagari eta lazgarriagatik. Halaber, gogoan ditugu bizibidea ebatsi dieten Egunkariako langile guztiak, baita kaltetuak izan diren beste komunikabideetako lankideak ere. Gure elkartasunezko berotasuna helarazteaz gain, adierazi nahi diegu amesgaizto hau amaitzeko gure konpromisoa ere badutela.
Atxiloketak eginez, miaketak eginez, tratu txarrak ezarriz espetxeratzeak aginduz, bermeak ezarriz eta Egunkaria itxiaraziz, oinarrizko eskubideak urratu dituzte, adierazpen askatasuna, informazio eskubidea eta hizkuntz eta kultur aniztasuna zuzen-zuzenean jo dituzte. Euskarazko komunikazio esparru zabal eta irekia hesitu dute, euskara pizteko tresna garrantzitsu bat itzali dute eta euskal herritarren nortasun ikurretako bat kolokan jarri dute.
Hau guztia ikusirik, herritar eta kazetaritzan ari garen guztion oinarrizko eskubideen, adierazpen askatasunaren, informazio eskubidearen aldeko konpromisoa agertu nahi dugu, euskara eta euskal kultura bultzatzen jarraitzeko asmoarekin batera. Bide horretan, Euskaldunon Egunkariaren beharra aldarrikatu nahi dugu, eta hori posible izan dadin, gure laguntza eskaintzen dugu.
Andoain, 2003ko martxoaren 1a
Erantzunak kargatzen...