Goizaldeko 3:00ak Martin Ugalde Kultur Parkean
2003-02-26 13:02
Guardia Zibilak prezintaturiko atea da lekuko, eta mina eta samina areago egiten dira. Martxeloren hitzek bihotza hunkitu digute. Gure presentziak ere, bera hunkitu du.
Ordu anitz Madrileko karrika gordinetan eman dutenek ere ezin eutsi izan diote animoari. Hainbertze gauza, hanbertze irudi, hainbertze sufrimendu eta min, nonbaitetik askatu behar dira.
Egunak ere aitzin doazi, eta nabari da langileen gorputzetan, soinean, aurpegian.
Herri honekiko duten/dugun konpromisoak tinko mantentzen gaitu, baina barrenean gelditutako Iñaki, Txema, Xabier, Joan Mari eta Xabierren irudiak min egiten digu. Pelloren gainean informazio ezak gizatasun eza erakusten du. Herri honetan torturatzen da, eta ezikusiarena egin nahi du jendeak.
Negar malkoetan, isilik egin dugu etxerako bidea. Kontzentrazioak eginen dira gaur Euskal Herri osoan, eta herri honek, berriz ere, euskarazko egunkari bat nahi duela aldarrikatuko du, baina gaurkoa, larunbatekoa bezala, egunkari baten aldeko aldarria baino anitzez ere gehiago izanen da.
Andoainen egunero biltzen den lantalde horrek merezi du guztien ahalegina. Nik, bederen, nirea eginen dut, euren lanpostua, euren ilusioa, euren proiektua berreskuratu dezaten. Orain arte bezala, ondoan izanen naute, gaur gauean bezala, bihar goizean ere.
Erantzunak kargatzen...