Sustatu logoa Teknologia albisteak

Denok Donostiara, Egunkaria aurrera, Bai euskarari

Sustatu
2003-02-22 09:02

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak bi dei egin ditu manifestazioaren atarian:

  • Lehena, gizarteari, euskararen defentsan eragile aktibo izan dadin;
  • Bigarrena, erakunde, sindikatu, alderdi eta gizarte erakunde guztiei, euskalgintzaren defentsan inplika daitezen. Izan ere, gehiengo soziala duen euskararen aldeko jarrerak behar duen akordio politiko sozial zabala egiteko garaia da eta horretarako behar diren bideak, guztiek jar ditzatela eskatzen dugu.

Kontseiluak dio:

Azken urteotako hizkuntza normalizazio prozesuari beste kolpe bat eman nahi izan zaio, euskaraz argitaratzen den egunkari bakarraren kontra joz. Euskal Herriaren nortasun elementurik inportanteenak suntsitzea dute helburu ekintza judizial eta polizial hauek. Euskara, gure hizkuntza, Euskal Herriaren izaeraren elementurik funtsezkoena eta herritar guztion ondarea interes politikoen arabera erasotzea onartezina da.

Egunkariaren aurkakoa ez ezik, Ikastolak, Jakin, Argia eta Plazagunea izan dituzte jomuga; lehen, AEK-k, Zabaltzenek, EHEk, Abokatu Euskaldunek, IKAk eta euskalgintzako beste hainbat erakundek pairatu dute egoera hau

Bestalde, atxilotuek inkomunikatuta segitzen dute. Eta atzo jakin zen beren diru kontuak bahitu egin dituztela Entzutegi Nazionalaren aginduz. Ez bakarrik atxilotuenak, baita ere Martin Ugalde Egunkariako Administrazio Kontseiluko ohorezko lehendakariaren diru kontu pertsonalak. 80 urte ditu Ugaldek, osasunez makal dabil, eta ezin izan du Egunkaria itxi dutenetik agerpen publikorik egin.

Kalean eta sarean

Eguneroren bigarren zenbakia kalean banatu da gaur goizean, atzo bezala. 16 orrikoa gaurkoa ere, gai bakarrekoa. Interneten ere irakurri daiteke:

  • www.egunero.info orrian testu osoak. Atzo arratsaldez konexio arazoak izan ziren. Gu gaur goizean azkar azkar sartu gara horra.
  • Egunkariaren aldeko hackerren orrian, PDF formatuan edo orri guztien irudiak, fotokopiak egiteko moduan, eta iragarkiak ikusteko aukerarekin ere: http://www.inventati.org/egunkaria/

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu