Egunkariaren itxieraren aurkako adierazpena mundu guztira zabaltzeko ekimen proposamena
Euskaldunon Egunkariaren itxierak sekulako iskanbila sortu du Euskal Herrian. Ugariak izan dira elkartasun eta protesta adierazpenak, Sustatun bertan ikus daitekeenez, aurrekaririk gabekoak. Baina ze oihartzun du honek guztiak Euskal Herritik kanpo?
[ Eguneratua, 19.20: Igorrek proposatutakoaren ildotik, zenbait ekimen badoaz zabaltzen, hala-nola bannerraren hedapena, edo ingelesezko informazioaren pilatzea hemen bertan]
Ezer gutxi, nire ustez. Sustatu interneten dago eta, beraz, munduko bazter guztietatik irakur daiteke, baina euskara hutsean dago. Egon badaude batzuk: Indymedia Euskal Herria webguneko berriak ingelesez ere badaude, Euskal Herria Info gunean gaztelaniaz ere badago zerbait, pentsatzen dut EITB ren ETB-Sat eta Canal Vasco n ere atzoko Teleberriko gauzak esango dituztela...
Bilatzaileak
Baina ez da nahikoa. Zerbait gertatu dela entzuten dugunean, jende askok interneteko bilatzaile batera jotzen dugu horri buruzko informazioa bilatzeko. Baina lehenengo 20 emaitzetan behar duguna ez badugu aurkitzen, gehienok utzi egiten dugu. Beraz, informazio bat munduan zehar zabaltzeko bidea argitaratu ondoren bilatzaile bateko lehen postuetan agertzea da.
Google-n Egunkaria bilatuz gero , lehenengo postuetan Euskaldunon Egunkariaren webgunea agertzen da, baina itxita dago. Hurrengo 20 emaitzen bidez ere ez dugu aurkituko itxieraren inguruko berririk edo elkartasun adierazpenik.
Galiziarrak eta Prestige
Eta nola lor daiteke orri bat bilatzaile bateko lehenengo postuetan agertzea? Galiziarrek badakite. Prestige-ren kasuan administrazioak izan duen erantzukizuna munduari jakinarazteko, orri bat prestatu zuten Prestige: exigimos responsabilidades dioena, eta ondoren Ciberpunk webguneak kanpaina bat bideratu zuen Google Bombing bat egiteko. Horren bidez, beraien orria Google-n Prestige bilatuz gero agertzen den bigarrena izatea lortu dute, eta gorantz darrai.
Google Bombing-a zer den
Zer da Google Bombing hau? Google -k indexatuta dituen orrien ranking bat gordetzen du. Ranking hori nola egiten den sekretua da, baina aipatzen dute ranking-a osatzeko irizpide nagusietako bat orrira apuntatzen duten beste orrien kopurua dela. Beraz, Google Bombing baten bidez zure orria lehen postuetan azaltzeko, lortu behar dena da web orri mordo baten zure orrirako esteka jartzea. Google-k bere datubasearen hurrengo eguneratzea egitean (gehienez ere 4 aste, 4 astean behin egiten baitute) zure orria goian azalduko da.
Proposamena
Atzo iradoki nuen hau lehenengo aldiz, baina Egunkariaren itxieraren berri ematen zuen notizia ren erantzun ugarien artean galdu zela uste dut, eta gainera ez zen zehatza, uste nuen Google Bombing-a egiteko jendeak klik egin behar zuela, eta ez da horrela, link bat sartu behar du bere orrian.
Egin beharko genukeena hau litzateke:
- Elkartasun eta protesta adierazpen bat prestatu. Nik Kontseilua k gaur goizean prentsaurrekoan emango duen komunikatua hartuko nuke, Euskalgintzako gehienek adostutakoa izango baita. Informazioa kanporako ere badenez, agian zerbait gehitu beharko genioke.
- Hainbat hizkuntzara itzuli. Gutxienez ingelesa, frantsesa eta gaztelania.
- Nonbait argitaratu. Sustatu toki egokia izan daiteke, baldin eta euskaraz bakarrik ez dagoen zerbait argitaratzen uzten badute.
- Google Bombing-a abiarazi. Bakoitzak zer egin beharko lukeen adierazten duen testu bat prestatu eta hori e-mail bidez zabaldu.
- Google-k bere datubasea eguneratu arte itxaron.
Ikusten duzuenez, lan dezente eskatzen du (adierazpena prestatzea, itzultzea, eta mezua zabaltzea). Baina nire ustez merezi du horrelako zerbait abian jartzea.
Merezi duela uste baduzu eta laguntzeko prest bazaude, erantzun mezu honi. Erantzun nahikoa jasoz gero, prozesua martxan jarriko dut, posta-zerrenda bat irekiz hori aurrera eramango dugunok antolatu gaitezen.
Animatu eta erantzun! Egindakoak merezitako oihartzuna izan behar du munduan. Sarrik zioenez, euskara da gure territorio libre bakarra. Territorio hori itxi eta berriz ere etxeko sukaldera mugatu nahi digute. Sarri oker zegoen, internet ere bada gelditzen zaigun beste territorio libre bat, eta horren bidez lortuko dugu euskara eta Egunkaria salbatzea!
Erantzunak kargatzen...