Teknologia albisteak

Txina gertu espazioan lehiatzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-02-18 : 11:02

Datorren urrian Txinak gizakiak bidaliko ditu lehen aldiz espaziora. Hango agintariek esan dute, gainera, gai direla astronautak Ilargiraino bidaltzeko.

Beijing Star Daily egunkariak horixe jakinarazi du, alegia, datorren udazkenean Txinak espaziontzi bat jaurtiko duela gizaki pare batekin-edo. Ondoren, munduko hainbat hedabidek, ABC telebistak kasu, horren berri eman dute.

Antza denez, Txinak 14 astronauta ditu gertu espazioratzeko. Horietatik, baina, bat edo bi aukeratuko ditu lehen bidaiarako Xentzu V espaziontzian. Orain artean Txinak lau ontzi bidali ditu gora, Xentzu erakoak, baina gizakirik gabe. Azkena urtarrilaren 5ean itzuli zen Lurrera, espazioan 162 ordu igaro eta gero. Txinako Zientzia eta Teknologia Aeroespazialaren Korporazioak adierazi du Txinari iritsi zaiola garaia gizakiak bidaltzeko espaziora. Eta, behar izanez gero, herri horrek ahalmena duela gizakiak Ilargiraino bidaltzeko.

Txinatarrek esan dute Columbia transbordadorearen istripuak ez duela atzeratuko beraien egitasmoa. Astronauten segurtasunari dagokionez, sistema automatiko bat ezarriko dute sor litezkeen arazoak kontrolatzeko eta erreskate sistema bat, astronautak jasotzeko.

Orain arte Errusiak eta AEBek bakarrik bidali dituzte astronautak espaziora beraien ontzietan. Txina hirugarren herria izango litzateke hori egiten.

Erantzun

Sartu