Teknologia albisteak

Gose greban Austrian

Erabiltzailearen aurpegia
Asto Rider
2003-02-07 : 11:02

Austriako ORF irrati-telebista ofizialeko lau kazetari gose greban dira otsailaren hasieraz geroztik, esloveniar irrati katea kentzeko erabakiaren aurka. Izan ere, 1998az geroztik eslovenieraz egunean 24 ordu jardundako irrati katea dirurik gabe uztea erabaki zuen ORFk.

Austriako ORF irrati-telebista korporazio ofizialak 1998ko urriaren 26an sortu zuen eslovenierazko katea, Austriako gutxiengo esloveniarrari zuzendua, Klagenfurt/Celovec hirian kokaturik. Hasieran ordu batzuk ematen zituzten egunean, baina 2001eko uztailaren 9tik aurrera egun osokoa bihurtu zen. Kateak Radio Dva dauka izena, eta 2002ko abenduaren 31n bertan behera uztea erabaki zuen ORFk.

Gutxiengoen hizkuntzatan irrati saioak ematea ORFren barne araudian jasotako beharkizun bat da (ORF-Gesetz, para. 5) eta bat dator Gutxiengo Nazionalak Babesteko Europako Itunarekin (Austriak 1995eko otsailaren 1ean izenpetu zuen itun hori, baita berretsi ere 1998ko martxoaren 31n) eta Gutxiengoen Hizkuntzen Gutunarekin (hori ere Austriak 1992ko maiatzaren 5edan izenpetu zuen, eta 2001ko ekainaren 28an berretsi).

Iaz, urtearen amaieran 8.600 lagunek sinatutako eskaera bidali zioten Austriako lehendakariari, Radio Dva-rentzat dirua eskatuz. Hala ere, urte hasieratik irratiko langileak ordainik gabe jarraitu dute lanean, eta otsailaren 1etik aurrera, lau langile gose greban dira: Natalja Pinter, Marica Stern-Kusej, Marjan Pipp eta Bojan Wakounig. Grebalarien irudiak ere ikus daitezke Radio Dva-ren webgunean.

Radio Dva bizirik!

Nahi izanez gero, elkartasun mezuak utzi daitezke Radio Dva-ren webgunean, berri bakoitzaren azpian agertzen den Tvoj komentar hitzen gainean klik eginda. Arazo bakarra da webgune guztia esloveniera hutsean dagoela.

Baita ere, Radio Dva-ren aldeko mezuak bidal daitezke Austriako lehendakari Wolfgang Schüssel-en helbide elektronikora.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago