Teknologia albisteak

SQL Slammer zizarea 10 minutuan hedatu zen munduan zehar

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-02-06 : 11:02

Adituak harri eta zur geratu dira zein bizkor zabaldu zen orain bi aste SQL Slammer izeneko zizare informatikoa, hamar minutuan hedatua baitzen mundu osoan, inoiz ikusi den zabalkunderik bizkorrena. Nahaspila ere, halakoxea sortu zuen.

Birusak ezezik, zizareak ere badabilzkigu ordenagailuetan. Eta batzuk kaltegarriak izan daitezke oso, SQL (sequel irakurrita) Slammer hau bezala. Orain bi astebete zabaldu zen munduan eta sekulako kalteak eragin zituen.

Hego Korea ia sarbiderik gabe geratu zen Interneten eta Estatu Batuetan kutxazain automatiko mordoa itxi behar izan zituzten, dena zizare honengatik. CAIDA, Interneteko Informazioa Aztertzeko Kooperatiba Elkarteko analistek esan dute egun hartan zizareak 8,5 segunduro biderkatu zuela kutsatutako ordenagailu kopurua, agertu eta lehen minutuan.

Marka itzela, gogoan izanez gero azken zizarea —Code Red izenekoa eta 18 hilabete lehenago agertu zena—, 37 minuturo biderkatzen zela. “Inoiz ez dugu ikusi horrelako ezer hain bizkor hedatzen”, esan du David Moore CAIDAko adituak.

Zizareak aprobetxatu egin zuen akats bat —beste bat gehiago— Microsoft enpresaren SQL Server datu basearen softwarean. Eta hortik aurrera hain bizkor biderkatu zen, non sekulako hondamendia eragin zuen amaraunaren harietan.

Gaitzerdi, programa txiki hau ez zegoen diseinaturik ordenagailuetan datuak ezabatu edo artxiboak suntsitzeko. Ordea, bere helburua zen ahalik eta bizkorren ugaltzea, halako eran non eragotzi egiten zuen beste ezein informazio sarean sartzea.

Zizarearen eragina jaso zuten ordenagailu guztien %43 Estatu Batuetan zeuden. %12, ostera, Hego Korean.

“Sapphire —horrela ere deitzen baitiote zizare honi— mugarri bat da zizare informatikoen bilakaeran”, esan du CAIDAren txostenak, “izan ere, nahiz eta ez zuen pozoinik, 10 minutu eskasean munduan hedatu eta sekulako anabasa sortu zuen diru, garraio eta gobernuen erakunde askotan”.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago