Gaur arratsaldeko 15:50etan Progress 10 koheteak bat egingo du Lurraren orbitan, 400 bat kilometrora, Nazioarteko Espazio Estazioarekin. Jatekoak eramango ditu, eta zenbait pieza, beharrezkoak ikerkuntzak egiteko.
Larunbateko istripuan zazpi astronauta hil ziren. Hala ere, beste hiru bi amerikar eta errusiar bat Nazioarteko Espazio Estazioan (NEE) daude. Istripua gertatu eta ordubetera jakinarazi zitzaien zer gertatu zen Ken Bowersox komandantea, Don Pettit zientzia ofiziala eta Nikolai Budarin hegaldiko ingeniariari.
Printzipioz martxoa arte geratzekoak ziren espazio estazioan, baina orain ekaina arte izan beharko dute han. Hori dela eta, joan den igandean (eta ez datorren igandean, guk oker esan genuen bezala aurreko artikuluan) errusiarrek kohete bat bidali zuten, Progress izenekoa, gaur arratsaldean iritsiko dena espazio estaziora. Koheteak eramango die hiru tona ur, jaki, oxigeno eta fuel.
Istripuak denen ahotan jarri du Nazioarteko Espazio Estazioa. Alde batetik ez dagoelako garbi zer gertatuko zaion eta bestetik, zenbait adituk esan dutelako garestiegia dela. Baina, zer dakigu Nazioarteko Espazio Estazioaz?
NEEren historia
1984. Urte horretan aurreikusi zen lehen aldiz.
1995. Ekainean Atlantis transbordadorea Mir (Bakea) espazio estazioan porturatu zen. NASA agentziaren ustez, hortxe hasi zen benetan Nazioarteko Espazio Estazioa. Urrian Europako Batasunak eta Kanadak erabaki zuten 3,5 miliardo dolar ematea NEErentzat.
1998. Urtarrilean Errusiak, Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak, Japoniak eta Europako Espazio Agentziak erabaki zuten elkarrekin eraikitzea NEE. Azaroan Errusiak jaurti zuen Proton kohete batean NEEren lehen modulua, Zarya (Egunsentia) izenekoa, nabigazio eta komunikazio elementuekin. Amerikarren lehen zatia, Unity, abenduan jaurti zen. Esan liteke NEE urte hartako abenduan jaio zela, Zarya eta Unity moduluak elkartu zirenean.
2001. Otsailean NEE bihurtu zen espazioan dagoen egiturarik handiena, hil hartan erantsi baitzitzaion Destiny modulua.
Xehetasunak
Lehen gizakiak NEEn
1999an iritsi ziren lehen gizakiak Nazioarteko Espazio Estaziora. Izan ziren Robert Cabana Endeavour ontziko komandantea eta Sergei Krikalyov kosmonauta errusiarra. Urtebete geroago ailegatu zen lehen eskifaia, denboraldi batez han bizi izateko helburuarekin.
Bi turista ere izan dira Nazioarteko Espazio Estazioan, luxuzko turistak esan behar, majo ordaindu behar izan baitzuten hara joatearren (20 milioi dolar). Izan ziren Dennis Tito eta Mark Shutleworth gizon aberatsak.
NEEren geroa
Aurten bertan transbordadoreek bost hegaldi egin behar zituzten NEEra, 40 bat tona ekipamendu eramateko. Azken kargamendu handia 2004ko urtarrilean zen bidaltzekoa. Dena dela, eta larunbateko istripuaren ondorioz, etorkizun hurbilean errusiarrek hartuko dute ardura NEE hornitzeko, Progress koheteak erabilita.
Japonia beste modulu bat egiten ari da, Kibo izenekoa, ondo bidean 2007an erantsiko zaiona NEEri.
Non dago espazio estazioa?
Jakin nahi baduzu zehatz-mehatz non dagoen une honetan Nazioarteko Espazio Estazioa, klik egin hemen.
Erantzun
Sartu