Sustatu logoa Teknologia albisteak

Hiru probintzi ta Trebiñon donuts-zulo bat...

iñaki olano
2003-01-30 18:01

Ainhoa Harriakantari-ren "belarrijana" alde batera utzirik, Euskal Herria den edo ez den (?), labezomorroek egunero ttanttaka, ikatza bezain beltz iragazten dizkiguten ukazioak ekarri nahi ditut lagunok, "burmuin zabaleko"ek, munduko hiritarrek ere ea zer deritzoten.

Irratiz, idatziz eta irriz datorkigu eguneroko ttantta txinarra. Oharkabean burmuina zulatzeraino.

Esate baterako: Elurra ari duenean, Izabatik Frantziarako errepidea 12. kilometrotik aurrera itxita dago beti, Foruzaingokoek trufaz dioten gisara "ya sabes, porque los franceses no pasan el quitanieves". Alta, errepide horren iparraldeko partea ere Euskal Herria da, ezta?

Edo esaterako, Etchegaray kardinala frantsesa bada, aldiz Sukia euskalduna. Baina Ezpeleta Zaldibia bezalaxe, Euskal Herria da, ezta?

Ainhoa bai.... badakigu euskalduna dela. Ramoncinen alabak ere izen hori dauka, eta behin telebistaz azaldu zuen "a dónde vas?" esan nahi duela.

Eta gu nora?

Duela egun batzu, frantses agintariek Txingudiko euskal partean fuelaren aurkako neurririk zergatik ez zuten hartu itaundu zioten Josu Jon Imaz bozemaleari. Baina ba ote Txingudin euskalduna ez den bazterrik?

Hemen batzuk ezin dugu hori donuts hori tragatu. Esplikatuko ote didate "burmuin-zabaleko" mundutar azkarrek... globalizazioaren aroan gero eta Euskal Herri txikiagoa zergatik opa diguten, hiru probintzi eta Trebiñoko zuloa tartean?

Zer esanik ez.... telefono konpainia superreuskaldunean "dei nazional"en tarifa aipatzen dutenean Espainiaz ari dira.

Amore emateko prest al gaude, Xalbadorren bertsoko euskaldunak bezala, "gureak ja egin du, gaiten garbi mintza"?

Ez ba.

"Eztaizke bi nagusi batera zerbitza".

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu