Teknologia albisteak
2

Zein mezu bidaliko zenuke 50.000 urte barru irakurtzeko?

Erabiltzailearen aurpegia
editorea - sustatu
2003-01-31 : 11:01

Horixe da webgune honetan egiten duten galdera. Espaziora satelite bat bidali behar dute barruan mezu pila bat dutelarik. Gero, berriro bueltatuko da lurrera eta gure ondorengoek (oso-oso ondorengoek) irakurri ahal izango dute.

Bitxia denik ezin ukatu. 2005. urte amaieran bidaliko omen dute satelite hau espaziora. KEO deitzen da espazioan horrenbeste urte egingo dituen tramankulua. Zuk ere baduzu lekua idazteko, pertsona bakoitzari 4 orrialde idazten uzten diete eta bermatzen dute KEO-koek ez dela zentsurarik izango. 6.000 karaktere idazteko prest? Zentsurarik ez badago uste dut euskaraz ere idatzi ahal izango dela. Egia esan, nazionalitatea adierazi behar den lekuan "Vasco" ere agertzen da eta ez da gutxi. Ama hizkuntza aukeratu behar den lekuan ere "Vasco" badago. 50.000 urte barru gure hizkuntza biziko den seinale izango ote da!

Hainbat galdera sortzen ditu

Zergatik deitzen da esperimentu hau KEO? zergatik 50.000 urte? nola itzuliko da 50.000 urte barru? zergatik espaziora eta ez lurpera sartu? Galdera hauek guztiak erantzun dituzte helbide honetan.

Irakurri ahal izango dute?

Ez dakit nik nola irakurriko dituzten gero mezuak gaurtik horrenbeste urtera. Aurrekoan lagun batek esaten zidan, Sarrionandia idazle famatuak liburuak disketean bidaltzen dituela, eta editoreak, lehenengo pozez gainezka mezua jasotzen badu ere, lanak izaten direla han dagoen informazioa ateratzeko. Ez dakit egia den ere, baina polita bada horrela izan daitekeela pentsatzea. KEO-koek, CD irakurgailu bat egiteko pausuak idatziko dituzte eta mezuekin batera bidali.

Erantzunak

Joxe Rojas
2003-01-31 : 15:27

Besterik ez bada ere, ariketa psikologiko moduan kuriosoa da mezua idazten jartzea, galdera piloa etortzen da orduan burura: Nola idatziko dut? Zer kontatuko diet? Ulertuko dute? Egongo ote da inor Lurrean ordurako? Lurrik egongo ote da? Aurkituko du inork Lurrera bueltatu baino lehen? Bizirik iraunez gero, nolakoak izango dira 50.000 urte barru bizi litezkeen horiek?



Nik behintzat buelta piloa eman diot buruari kontu hau dela-eta, eta azkenean, txiki-txikia sentitu naiz horrelako urte mordoarekin konparatuta...

Juan Garai
2003-02-03 : 11:33

Nik ere ezin dut imaginatu zer jarri beharko litzatekeen espazio-untzi horretan, baina gure burura eroriko da, seguru!



Aldarrikapenak mila egin daitezke, baina 55.000 urte barru ere trasto hori lurrera etorritakoan Euskal Herrian eroriz gero, manifa baten erdian eroriko da. Izan preso politikoen alde, izan euskararen alde, izan autodeterminazioaren alde...

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago