Behin baino gehiagotan aurpegiratzen digute liburugintzaren inguruan gabiltzanoi Durangoko azokari begira gabiltzala, harako ateratzen direla liburuak oro eta urtearen gainerakoa basamortu bihurturik daukagula. Ez da egia. Hemen liburu proposamen batzuk.
Kasuren batean izan liteke, baina oro har ez, inondik ere. Gertatzen dena da
Azokaren inguruan komunikabide guztiak argitaletxeei eta idazleei begira
daudela, hala tokatzen delako, eta komunikabideetan ateratzen ez garenean
asko eta asko enteratu ere ez direla egiten zertan gabiltzan. Eta
bagabiltza, ibili.
Hori dela-eta ausartu naiz mezu hau bidaltzera, informazioarekin batera
propaganda pixka bat ere izango duen arren. Hain zuzen, Elkar argitaletxeak
2003ko udaberrian helduentzako literaturan (eta zehatzago narratiban)
aterako dituen liburuen berri ematen da bertan, liburuzaleentzat gauza hauek
aldez aurretik jakitea interesgarria delakoan.
Beharbada hau ikusita beste argitaletxeek ere bidaliko dute eurena. Nik
badakit, adibidez, beste argitaletxe batek Jon Alonsoren eta Hasier
Etxeberriaren nobela bana aterako duela.
Irakurketa berri on!
2003ko Udaberriko nobedadeak
LITERATURA
- Xabier Montoia: Denboraren izerdia (Otsailean kalean) Pertsonaia konplexu baten erretratu zorrotza eta azken hogeita bost
urteetako gure historiaren errepaso gupidagabea elkartzen ditu Xabier
Montoiak bere nobela berrian. Jon Ezenarro protagonista ur gaineko bitsetan
dabil: film bat estreinatu berri du Madrilen boteredunen babes osoarekin,
emaztegai polita eta maitale sutsua ditu aldi berean, dena du alde, baina
dena izorratuko zaio bat-batean, historiaren txantxa dirudien mendeku baten
erruz. Hortik aurrera, infernuetara jaitsiko da Ezenarro, iraganeko mamuekin
borrokatu beharko du, eta bertatik bertara ikusiko du zahardadearen eta
mixeria fisikoaren aurpegi krudela. Ohi duen maisutasun eta gordintasunez
idatzi du Montoiak eleberri hau, eta ziur gaude irakurlea ez duela axolagabe
utziko.
- Unai Elorriaga: Van't Hoffen ilea (Martxoan kalean) SPrako tranbia bere aurreko eleberriarekin Espainiako Narratiba Sari
Nazionala eskuratu ondoren, jende asko dago zain, Elorriagaren liburu berri
bat noiz aterako. Sari hori irabazterako bukaturik zeukan ia bere hurrengo
nobela, Van´t Hoffen ilea, orain dela bi urte bereganatu baitzuen idazle
gazteentzako Igartza beka, proiektu hau aurrera eramateko. Maitagarri bezain
xelebreak dira liburu honetako pertsonaiak ere, bai protagonistak bai
bigarren mailakoak, eta haien bitartez hainbat gertaera arraro eta istorio
bitxi ezagutuko ditugu. Tipula baten antza dauka nobela honek, ordea,
itxuraz ikusten denaren azpian beste zerbait ezkutatzen baita, eta azal
baten azpian beste azal bat, misterioz misterio gizatasunez beteriko
amaierara iristen garen arte.
- Joxean Agirre: Romain zen bere izena (Apirilean kalean) Literatur sorkuntzarako III. Joseba Jaka beken deialdian irabazle gertatu
zen Joxean Agirre, eta dirulaguntza haren bultzadarekin idatzi du honako
eleberri sorgingarri hau. Obra zoragarria idatzi baina bere burua ezkutuan
gorde duen idazle baten bilaketak osatzen du nobelaren ardatza. Balizko
idazle horren emazteak senarra hil eta argira ekarri nahi du sekretua;
misterioa konpondu ordez gero eta gehiago korapilatuko da ordea, irakurlea
txunditu eta dibertituko duten bihurguneetan. Pasarte antologikoen bitartez,
literaturari buruzko gogoeta eta emakumearen gaineko kontenplazio
deboziozkoa elkartu ditu Agirrek, bere gai kuttunak biak ere, aurreko bere
eleberrietan ere nabarmen ageri zirenak: Gizon bat bilutsik pasiloan barrena
(Café Iruña Saria) eta Elgeta (Irun Hiria eta Beterriko Liburua sariak)
- Xabier Mendiguren Elizegi: Uda betiko balitz (Apirilean kalean) Haurtzaroko lilura, nerabezaroko kilikak eta haztearen larriak dakarzkigu
Mendigurenek liburu berri honetan. Udalekuak aitzakia harturik, hiru udatan
eta bost urtetan zehar luzatzen den nobela koral bat idatzi du (76, 78 eta
80ko udaldiak ageri dira, hurrenez hurren), introspekzioarekin batera
identifikazioa lortzeko asmoz, erretratu pertsonala bezainbat kolektiboa.
Aipagarria izan daiteke, halaber, erabilitako teknika, pasarte
narratibo-deskriptiboekin tartekatuz gutunak azaltzen baitira, mutiko batek
urte horietan barrena etxekoei eta lagunei idatziak, eta hizkuntza guztiz
ahozko batetik abiatuta pixkanakako alfabetakuntza ikus liteke berorietan,
modu aski injenuo baina umoretsu batean.
- Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketako irabazlea, (Maiatzean kalean)
Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak aurten antolatu dute bigarrengoz
nobela laburren sariketa hau. Iaz izan zen lehenengo deialdia, eta Alberto
Ladron Arana iruinsemeak eskuratu zuen Xake-Mate eleberriari esker.
Aurrekoan bezala, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Txiliku idazleek jardun
dute epaimahaiko lanetan, eta aurki jakinaraziko da aurtengo irabazlearen
izena. Saritutako lana, berriz, maiatz aldean argitaratuko dugu.
Atzoko Gara egunkarian irakurri nuen, epaimahaiak sari hau eman gabe lagatzea erabaki duela, aurkeztutako nobelek ez dutelako beharrezko mailarik.
Nire ustea da Xabier, maiatzerako aurreikusten zenuen argitalpen horretarako lekutxoren bat egin beharko diezula epaimahaikideei, euren ustez, beharrezko maila betetzen ez duten bederatzi nobela irakurri eta gero, garunak ideiaz borborka edukiko dituztelako.
Ondo izan.