Ainhoa, Operación Triunfo irabazteko gertu
Gaur gauean jokatuko da finala Operación Triunfon (OT). Sei gazte ahaleginduko dira lehen hiruren artean geratzen, tartean Ainhoa, euskaldun bat Galdakaokoa.
Gaur erabakiko da nortzuk diren irabazleak Operación Triunfo lehiaketan. Hobeto esanda, lehiaketa honen bigarren aldian.
Lehenengoan ez zen euskaldunik izan. Baina bigarrenean bi sartu ziren akademian: Enrique Anaut iruinseme madrildua eta Ainhoa, Galdakaokoa. Anaut hirugarren astean atera zuten kanpora, indarrik ez-eta. Ainhoa, berriz, hainbat aldiz izan dute kaleratzeko zorian, baina eutsi egin dio azken arte.
Euskal arrastorik ez
Hainbat gala ikusi ditut OTren bigarren aldi honetan eta gauza batek eman dit atentzioa Ainhoari dagokionez: ez diot bat ere zantzurik ikusi, euskalduna dela sala dezakeenik. Ez gurasoekin elkartu zenean, ez Bilbora ekarri zutenean, ez eta bere jaioterrian egin zuten erreportajean, inon ez zen euskarazko berba bat bera ere agertu. Aitzitik, Beth edo Joan katalanen kasuetan arrasto mordoa ageri ziren, katalantasuna erakusten zutenak.
Ez dakit den Ainhoa bera ez delako eusakaraduna edo antolatzaileek ezkutatu dizkiotelako euskal azternak oro, badaezpada, aznarismoan bizi gara eta. Ainhoaren foroan ere arrasto bakarra aurkitu dut euskaraz, jotake, irabazi arte! Gainerakoa gaztelaniaz dago.
Pizza banatzailea
Ainhoa orain 22 urte jaio zen Galdakaon. Bi nebarreba ditu, bera baino zaharragoak. Irakasle ikasketak eta Soinketa ikasten ari da eta, sei hilabetez, pizzeria batean ibili zen lanean, pizzak banatzen. Musika du gustuko eta hainbat taldetan jo izan du OTra joan aurretik. Ah, eta bere liburu gogokoena da Behi Euskaldun Baten Memoriak, Bernardo Atxagarena. Horra euskal aztarna bat, nahiz eta ez dakigun euskaraz irakurri zuen edo gaztelaniaz, berak Memorias de una vaca aipatzen du eta.
Nik ikusi dudanagatik, esango nuke izaera zurrun samarra duela Ainhoak. Arazoak izan ditu bere kideen artean, batez ere izendatuta egon denean (hainbat aldiz) kanpora irteteko. Tentsioak eragindako gorabeherak izango ziren, noski, baina hor ez du erakutsi beste batzuek frogatu duten jendetasuna. Horrekin batera, ostera, irabazi du borrokalari ospea, erraz amore ematen ez omen duelako. Keinu asko egiten ditu ahoarekin, lotsati samarra delako seguruenik eta, beste batzuek bezala OTn, imintzio mordoa egiten ditu besoekin, publikoari-eta maitasuna adierazteko.
Harrituko nintzateke Ainhoa sartuko balitz irabazleen artean. Epaimahaiak hainbat aldiz izendatu du kalera irteteko. Publikoak ere inoiz ez du jo faboritotzat. Batzuek eta besteek badituzte beste faborito batzuk: Beth, Manuel Carrasco eta Miguel Nández. Iaz bezala, neska bat eta bi mutil. Formula asmatuta dago eta, iaz behintzat, etekin onak eman zizkien. Zertarako arriskatu?
Erantzunak kargatzen...