Teknologia albisteak

Bi urteko kartzelaldia birusak sortzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-01-23 : 09:01

Londresko auzitegi batek bi urteko espetxe zigorra ezarri dio gazte bati, hiru birus informatiko sortu eta zabaltzeagatik. Seguruenik birus sortzaile bati sekula eman zaion zigorrik handiena.

Simon Vallor 22 urteko galestarrak bi urte egin beharko ditu itzalean, Londresko auzitegi batek kondenatu baitzuen herenegun, hiru birus informatiko sortu eta hedatzeagatik. 2001ean Simonek hiu birus sortu zituen, Gokar, Admirer eta Redesi, eta hirurak Outlook-en helbidetegiak erabilita zabaldu zituen. Birusek kutsatu zituzten 27.000 ordenagailu, 40 herrialdetan zehar. Iazko otsailaren 14an, ostera, atxilotu egin zuten, FBIk horrela eskatuta Scotland Yardi.

Simon gazteak adierazi zuenez auzitegian, “esperimentu bat egin nahi nuen eta ikusi ea birusa zabaltzen zen neure sisteman ere”.

Antzeko zigorrak

Bretainia Handian aurrekari bakarra dago antzeko kasuetan: 1995ean Christopher Pile-ri 18 hilabeteko zigorra ezarri zioten, hainbat birus zabaltzearren.

Holandan, aitzitik, 150 orduko zigorra eman zioten Jan de Wilt gazteari, Anna Kournikova izeneko birusa sortu eta zabaltzeagatik. Hau zen birus bat aurreko hirurak baino dezente kaltegarriagoa, baina epaileak iritzi zion nahikoa zuela ordu horiek komunitateari eskaintzea kaltea ordaintzeko.

Iaz, berriz, Estatu Batuetan 20 hileko zigorra eman zioten David Smith-i, Melissa izeneko birusa idazteagatik. Azken hau 1999an zabaldu zen eta, esaten denez, 80 milioi dolarreko kalteak eragin zituen.

Erantzun

Sartu