Adi gero kritika jardunaldioi!
Datorren martxoaren ilbete bueltan, euskal kritika "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak", "Lagun izoztua" eta "Rock'n'roll" liburuez arituko da, Bilboko Kalderapekon egingo diren jardunaldi berezi batzuetan, hiru egunez, egun bana liburu bakoitzari.
Orain dela zenbait aste, Begia-n, Kirmen Uribek deitoratzen zuen Agirre zaharraren kartzelaldi berriak eta Lagun izoztua bezalako eleberri garrantzitsuak arinegi ahantzi izana.
Joan den larunbateko Mugalari-n, halaber, Iban Zalduak zioen Rock'n'roll ez dela merezi bezain aintzat hartua izan, edo antzeko zerbait, gero eta ilunagoa egiten zait gizon horren jarduna.
Bada, datorren martxoaren ilbete bueltan, euskal kritika hiru liburuotaz arituko da, Bilboko Kalderapekon egingo diren jardunaldi berezi batzuetan, hiru egunez, egun bana liburu bakoitzari.
Literatur kritikari ezagunek askotariko gaiak jorratuko dituzte, besteak beste "Oxtabenaz oro har", "Nikolas Txiki eta eskizoafasia" edo "Emakumeak eta eguraldia".
Kritikari bakoitza ordu erdiz mintzatuko da, eta bai polita, Koldo Izagirrek, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak bertan beren liburuen misterio ezkutuak desestaliko balizkigute!
Ahaleginak ahalegin, ordea, eta gorabeherak gorabehera, batzorde antolatzaileak aitortu behar du oraindik ez dela ezta saiatu ere egin, idazle handioi telefonoz deitzen bederen, edo e-postaz idazten, lotsagarri baitzaio artisten lana oztopatzea.
Egia osoa: batzordeak kritikariekin ere ez du hitz egin, baina ziur da Uribe eta Zaldua behintzat agertuko direla, berek aipatu zutenez kontua aurrenekoz; Mendiguren ere bai, hiru Elkar, ez da ausartuko eskakeatzearren bere burua ostera zauritzen, garestiegiak dira rinoplastiak.
Honezkero hiru.
Orain Kalderapekokoei txokoa eskatzera, beti izaten dira abegitsu-abegitsuak.
Erantzunak kargatzen...