Teknologia albisteak
1

Lázaro Carreter nahigabetuta, nola erabiltzen den gaztelania

Erabiltzailearen aurpegia
Aitita Makurra
2003-01-22 : 09:01

Fernando Lázaro Carreter Espainiako Hizkuntza Akademiako lehendakari ohiak atzo adierazi zuen gaztelania mintzo direnen artean “hizkuntza anemia” zabaltzen ari dela, eta hizkuntza berri bat sortzen ari dela bazterretan: “el guirigay”.

Ezagun asko bildu ziren atzo Madrilgo Liburutegi Nazionalera, Fernando Lázaro Carreter espainiar akademikoak liburu berri bat aurkeztu zuen eta, El Nuevo dardo en la palabra, Aguilar argitaletxeak kaleratuta. Hantxe ziren Pilar del Castillo Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroa, Victor García de la Concha Espainiako Hizkuntza Akademiako lehendakaria eta hainbat idazle, hala nola Juan José Millás, Antonio Muñoz Molina edo Almudena Grandes, besteak beste. Jorge Valdano Real Madrilgo kirol zuzendaria ere hantxe zen, eta baita Lorenzo Milá, Iñaki Gabilondo eta Eduardo Haro Tecglen kazetariak ere.

Liburu honetan Lázaro Carreterrek biltzen ditu azken bost urteotan El País egunkarian argitaratu dituen artikuluak, non hausnarketa egiten duen gaztelaniaren erabilera kaskarraren gainean. Kazetariak ezezik, politikariak, legelariak, irakasleak eta era guztietako profesionalak kritikatu zituen akademikoak aurkezpenean, izan ere, “kaleko hizkuntza erabili nahi dutenean ‘ezjakintasunaren kalekoa’ aukeratzen baitute”.

1997an El dardo en la palabra liburua argitaratu zuen. Han batzen zituen artikulu mordoska, 1975 eta 1996an artean kaleratutakoak, denak ere lotuta nola erabiltzen den gaztelania bizitza publikoan. Liburu haren arrakastak ekarri du beste hau.

Erantzunak

Karlos del Olmo
2003-01-22 : 11:11

> Kazetariak ezezik, politikariak, legelariak, irakasleak eta era guztietako profesionalak kritikatu zituen akademikoak aurkezpenean, izan ere, “kaleko hizkuntza erabili nahi dutenean ‘ezjakintasunaren kalekoa’ aukeratzen baitute”.

>



Gero eta argiago dago erabiltzaileak bide batetik dozela eta akademikoak beste batetik!

Erantzun

Sartu