Sustatu logoa Teknologia albisteak

Gipuzkoako barne migrazioak eta autopista

oier
2003-01-22 12:01

Egunero Zarauzko peajean ordaintzeko txartela ateratzen dudan bakoitzean edo etxetik hurbilago beste lan bat aurkitu, edo donostialdera bizitzera etorri pentsatzen dut. Nire lankide askok, lanetik ni bezain urruti bizi arren, ez dute horrelako arazorik.

Atzoko DVan Gipuzkoako herrietako biztanleen bilakaerari buruzko erreportajea zetorren. Bertan nabarmendu zuten ondorio nagusia hau da: barnekaldeko herrietatik kostaldera mugitzen ari direla biztanleak. Eta jartzen dituzten adibide nagusiak Zarautz, Hondarribia eta Donostia direla gehien hazi direnak azken urteoetan eta Arrasate eta Eibar direla biztanle gehien galdu dituztenak. Hemen artikulua.

Bilakaera hori azaltzeko hainbat arrazoi proposatzen dira eta Eibarko alkateak ere proposatzen ditu batzuk: inmigrazioa bere jaioterrira itzultzea, jaiotze tasa baxua... Nik ez dakit zenbateko garrantzia izango duen, eta akaso garrantzi gutxikoa da horrelako makrozenbakietaz ari garenean, baina Autopistaren auziak bere eragin puska ere izan behar duelakoan nago.

Izan ere, beste hainbat faktorez gain, biztanle asko galdu dituzten herri askoren ezaugarria da Donostiara joateko ondo-baino hobeto ordaindu beharreko autopista erabili behar dutela. Ikusi datu hauek

1996-2002 populazioa gora-behera (%tan)

Eibar - 5,94
Arrasate - 5,93
Elgoibar - 3,41
Soraluze - 5,71
Bergara - 1,53

Errenteria - 2,44
Beasain - 0,60
Lasarte-Oria - 2,51

Donostia + 2,71
Zarautz + 11,79
Hondarribia + 6,33
Irun + 4,35
Tolosa + 0,20

Iruditzen zait Errenteria, Beasain, Lasarte, Irun edo Tolosan, Debabarrena eta Debagoienako, herri gehienetako arazo antzekoak (industria hazkunde eza edo urria, jaiotze tasa baxuak, etxebizitzen prezio altuak,..) izan ditzaketela, baina Errenteria, Lasarte eta Beasainen izan dituzten biztanle galerak ez dira Debaldean bezain gogorrak izan eta Tolosa, Irun, Hondarribia edo Zarautzen biztanleak irabazi dituzte, azken bietan modu harrigarrian.

Eskualdeen arteko desoreka nabarmena da

Horrelako bilakaeretan zerikusia duten hamaika faktoreren artean Debabarrenak autopistarekin duen odolustea kontuan hartu beharrekoa delakoan nago.

Izan ere, behin eta berriz salatzen denez A8 autopistaren bidesariarekin egiten ari dena eskualdeen arteko desoreka nabarmena bultzatzea da. Nire lantokian (Donostia ondoan) besteak beste Tolosaldeko, Goierriko, Debagoienako eta Debabarrenako langileak gaude. Lantokira iristeko ordu-erdi eta ordubete bitarteko bidea dugu egunero, baina bada bereizten gaituen ezaugarri bat. Tolosaldeakoek eta Goierrikoek gasolina bakarrik ordaintzen duten bitartean, Debagoienako batzuk eta Debabarrenekook gasolinaz gain autopistaren bidesaria ordaintzen dugu.

Kilometro kopuru antzekoa izanda, Eibartik Donostiara lanera etortzea hilean 200 euro garestiago gertatzen zait niri, nire aldameneko Tolosarrari baino.

Egunero Zarauzko peajean ordaintzeko txartela ateratzen dudan bakoitzean edo etxetik hurbilago beste lan bat aurkitu, edo donostialdera bizitzera etorri pentsatzen dut.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu