Galiziako Xuntak eta Espainiako Gobernuak kritika ugari jaso dituzte Prestige ontziak istripua izan ondoren hartu izan dituzten erabakiengatik. Guk Santiagoko Unibertsitateko Lorena Gomez Mendez izeneko langile baten mezua jaso dugu, eta bertan salatzen duenez, bi administrazioek behin baino gehiagotan krisialdiari aurre egiteko neurriak hartzeari uko egin diote.
Fraga eta Aznarren Gobernuek egindako hankasartze horiek ere Euskal Herrian eragina dute. Gure arrantzaleek Kantauri itsasotik txapapote ugari jasotzen dute egunero, eta gauza bera egiten dute hondartzetako garbitzaileek.
Hala ere, talde ekologistek eta surflariek (besteak beste, Txuri Surf Taldeak ) salatu dutenez, hondartzen arteko itsaslabarretan ere fuela pilatzen ari da, eta hori jasotzea ere beharrezko da.
Eta Galizian zer? Argi dago han egoera askoz ere beltzagoa dela. Ia gehienetan komunikabide nagusietatik jasotzen dugu hango berri, baina orain gutxi Lorena Gomez Mendez izeneko baten kate-mezua jaso dugu, eta halako mezuak fidagarriegiak ez badira ere, Gomez-ek bidalitakoak hala dio:
"Inkonpetentzia eta ixiltasun-politika:
Azaroaren 22an AEBetan itsasorako produktuak ekoizten dituen enpresa bateko buruak Xuntari mareen kontrako 120.000 metro barrera eskaini zizkion. Galiziar jatorriko enpresa gizon hau, gainera, sei egunen buruan barrera kopuru bera bidaltzeko prest agertu zen. Hegazkin bidezko garraio-kostuak ere bere gain hartuko lituzke. Gizon horrek ez du oraindik inolako erantzunik jaso".
"Ildo horretan, Espainiako Gobernuak (eta, beraz, baita Galiziakoak ere) uko egin die ELF, REPSOL, BP, Holanda, Ingalaterra eta Frantziak eskainitako laguntzei. Baina zergatik? Erantzuna prentsa-bulego bateko buruak eman dit: barrera hoiek onartzeak marea beltza Galiziara helduko zela onartzea izango litzateke, eta hori izan zen, hain zuzen ere, krisialdiaren hasiera-hasieratik Fragak eta Aznarrek saihestu nahi zutena .(...)"
"Prestige ontziak laguntza eskatu zuen egun berean, Itsasoko Operazioetako zuzendari orokorrak agintariei 11 bider (11 bider!!!) petroliontziaren motor-operatiboak martxan ez jartzea gomendatu zien, piztuz gero pitzadurak handituko liratekeelako. Madrilek, ordea, ontzia piztea eta kostatik urruntzea erabaki zuen.(...)"
El Mundo egunkarian azaldu zenez, Exon Valdes petroliontzia ondoratzerakoan operazioak zuzendu zituen Berhard Bowhlwes-ek Prestige krisiaren inguruan zera esan zuen: Ontzia itsasoan barrena sartzeko erabakia txarrena da(...)."
Beraz, Aznar eta Fragaren erabaki eta aginduek krisialdia larritzeko baino ez dute balio izan, eta gainera iritzi-publikoari mezu faltsuak bidaltzen aritu dira, Iñaki Olanoren lan borobilak erakusten digunez
Erantzun
Sartu