Teknologia albisteak
3

UK aldizkaria, orain hamabostekari

Erabiltzailearen aurpegia
Unai Brea - UK aldizkaria
2003-01-16 : 11:01

Otsailaren 16an, UK berria kalean izango da. 90eko hamarkadaren erdialdean sortu zen Bizarra Lepoan aldizkaria, handik zenbait urtera UK (Uribe Kostako aldizkaria) izena hartuko zuena.

Euskarazko hilabetekari izateko jaio zen, eta hala jarraitu du orain arte, zenbait aldaketa izan diren arren: egoitza aldaketa, erredakzioaren profesionaltzea… Orain, bere historia laburreko jauzirik garrantzitsuena emateko prestatzen ari da UK; aurrerantzean, hamabostekaria izango da.

Uribe Kosta bezalako eskualde batek hilabetekari bat baino gehiago merezi duelakoan ekin diogu erronka berriari. Erronka bikoitza gainera. Izan ere, maiztasuna handitzeaz gain, UK benetan Uribe Kostakoa izatea gura dugu; horregatik, Erandiotik Lemoizera arteko herri guztietako informazioa ematen hasiko gara (gaur arte, Erandio, Leioa, Getxo eta Berangokoa baino ez genuen ematen, tartean Sopelako zeozer).

Hamabostekari bihurtzeak aldaketak ekarriko ditu edukietan, noski. Dena dela, eta orain arteko lanak irakurleengan arrakasta izan duelakoan, ez dira oso aldaketa sakonak izango. Sail gehienek bere horretan iraungo dute, kasurik gehienetan orrialde gutxiagorekin bada ere, eta orain arte jorratu ez dugun zenbait gairi buruz jarduten hasiko gara: osasuna, natura, komunikabideak, estetika… Orain arteko ildoa mantenduz, eta ahal dela areagotuz, arlo grafikoari garrantzi berezia eman gura diegu. Irudiak izango dira UK berriaren atal askotako oinarri nagusia. Eta hau guztia 60 orrialdetan -orain arte 72 izan dira-, bi astebururo gure harpideen etxeetan eta eskualdeko ohiko salmenta guneetan (UK dohainik banatzen dela gogorarazi gura dugu), otsailaren 16tik aurrera.

Erantzunak

mikel irizar
2003-01-16 : 21:06

Zorionak! Jauzi inportantea da eman behar duzuena. Eta, auspoa apur bat lasaintzen denean, segi aurrera, astekarirantz. Maiztasunean irabaztea da tokiko prentsaren erronka. Eta ez ahaztu oso samur egin daitekeela sarean UK orainkaria. Hori bai maiztasuna! Animo!

Joxemari Muxika
2003-01-17 : 00:12

Zuena bezalako aldizkari dinamiko batekin, Uribe Kostako euskal hiztunek, zorte ederra dutela esango nuke. Tokiko albisteak astero argitaratzea helburu oso polita da. Bidean zoazte eta segi horrela.



bertoko
2003-01-18 : 02:13

Apurka-apurka Ibaizabalen ertzetik Butroe alderantza.

Badogu alkar-lana.

Erantzun

Sartu