Teknologia albisteak

Gobernuek Windows-en kodea ikusi ahal izango dute

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Araolaza - CS
2003-01-15 : 12:01

Microsoft-ek Windows-aren kodea zenbait gobernuri erakutsiko die, softwarearen segurtasun dudak argitzeko asmotan.

Ezaguna da Microsoft-en aplikazioei aurpegiratzen zaien arazo nagusiena segurtasun falta dela. Kodea itxita egotean, ezinezkoa da jakitea softwareak zehazki zer egiten duen, eta hortik datoz segurtasun arazoak, eta Microsoft-enganako mesfidantza, bezeroaren informazioarekin zer egiten duen eta abar. Gartner aholkularitza enpresa adibidez, bere bezeroei Windows ez erabiltzea gomendatzera iritsi zen.

Horretarako 10 herrialde eta erakunderekin hitzarmena sinatu berri du Microsoftek. Hitzarmen horren bidez, gobernu horiek Windows 2000, XP, Server 2003 eta CE programen kodea ikusi ahal izango dute, baita Microsoften barneko segurtasun dokumentazioa ikusi, enpresa bisitatu, software garatzaileekin hitz egin eta abar.

Garbi dago jendeari Linux-era joateko arrazoiak kendu nahian dabiltzala. Baina seinale ona da, software librearen mugimendua aurrera doala.

Besteak beste, Txinako gobernua lasaiago geldituko da, Microsoft-en programek atzeko ate bat izango zutenaren beldur bait ziren. Backdoor edo atzeko ate hauei esker, sistema sortu duen enpresa (Microsoft adibidez) bezeroaren ordenagailuetan (gurean adibidez) sartzeko gai izango litzateke .

Inoiz GNU/Windows edo Windows GPL bat ikustera iritsiko gara?

Erantzun

Sartu