Teknologia albisteak

Petrolioa eta terrorismo islamiarra

Erabiltzailearen aurpegia
Gontzal Landa - Goiena
2003-01-14 : 12:01

Arianna Huffington izeneko kolumnista estatubatuar batek 4x4 ibilgailuen gasolina kontsumoa gutxitzeko kanpaina abiarazi du. Bere ustez Amerikako Estatu Batuek (AEB) Irak bezalako herriei erosten dieten petrolioari esker terrorismo islamiarra sustatzen dute.

Arianna Huffingtonek martxan jarritako kanpaina herrikoiaren izena The Detroit Project da, eta antza denez bere webguneak eragin handia izaten ari da. Izan ere, bertan estatubatuarrek gasolinarekiko duten gehiegizko zaletasunak herrialde islamiarrek nazioarteko terrorismoa finantziazioa ahalbidetzen du. Kanpaina honen begipuntuan, batez ere, AEBetan hain estimatuak diren 4X4 ibilgailuak daude, eta beraz segurtasun nazionala kolokan jartzen dutenak, zeharka bada ere, Detroit hirian pilatzen den berebil-industria eta milaka eta milaka gidari estatubatuar dira.

Webgunean bertan Huffingtonek bere buruari zera galdetzen dio: Zergatik Bush-en Administrazioak ez ditu 4X4 ibilgailuen gehiegizko kontsumoaren eta terrismoaren arteko lotura azalaratzen, narkotrafikoa-terrorismoa tandemarekin egin bezala?

Proiektuarekin bat egiten duten Internet erabiltzaileek ondorengo testua bere egiten dute: Ondo dago gure bandera (AEBetakoa) gure ibilgailuan jartzea, baina erakustaldi patriotikoak ez du ekintza patriotikoa ezeztatzen. Halaber, webguneak kanpaina diruz laguntzeko aukera ematen du, eta badirudi nahiko ondo doakiela dagoeneko bi spot ikusgarri grabatu baitituzte, eta telebista-kate ugaritan musutruk eskaini.

Erantzun

Sartu