Sustatu logoa Teknologia albisteak

Applek Safari nabigatzailea sortu du

Dick Turpin
2003-01-08 10:01

Applek hainbat berritasun aurkeztu zituen atzo San Frantziskon, Macworld erakusketan: nabigatzaile bat, programa bat aurkezpenak egiteko, pakete bat aplikazio digital guztiekin, beste programa merke bat filmak editatzeko eta bi ordenagailu txiki, zein baino zein pertxentagoak.

Azkenean argitu da zer berritasun ekarriko dituen Applek urte berrirako: ez dago PDArik, ezta sakelako telefonorik edo antzeko tramankulu distiratsurik. Hala ere, Steve Jobs Appleko lehendakariak eman zuen ezustekorik.

Hona hemen berritasunik aipagarrienak, bai sofwarean eta baita hardwarean ere:

Nabigatzailea

Applek nabigatzaile berria sortu du, Safari izenekoa. Jobs-ek esan zuenez, “Safari hiru aldiz bizkorragoa da Internet Explorer baino”. Gogoan izan, 1997a ezkero, Applek Internet Explorer instalatu duela Mac guztietan berezko nabigatzaile gisa. Hori bukatu da. Gaurdanik edozeinek jaits dezake doan Safari Applen webgunetik. Hala ere, Mac OS X beharko da nabigatzaile berria erabiltzeko.

Programa bat aurkezpenak egiteko

Bigarren berritasuna da Keynote, aurkezpenak egiteko programa bat, lehia bizian sartuko dena, zalantzarik ez, Microsoften PowePointekin, izan ere, erabat bateragarri izango da azken honekin. Steve Jobs-ek berak ere programa hau erabili zuen atzoko aurkezpenean. Programa hau salgai jarriko dute, 100 euroan.

Pakete bat aplikazio digitalekin

Applek nahi du Mac ordenagailuak bihur daitezen gaur egungo gurpegi digitalak, uztartuko dituztenak PDAk, argazki kamera digitalak, eta musika entzuteko gailuak. Horretarako hainbat aplikazio sortu ditu azken aldi honetan, arrakasta handia izan dutenak: iTunes, iPhoto, iCal, iDVD, iMovie eta iSync. Baina orain pakete bat aurkeztu du, iLife, denak integratzen dituena. Pakete hau urtarrilaren 25etik aurrera jarriko da Mac berri guztietan. Bere ordenagailuan jarri nahi duenak, ostera, 50 euro ordaindu beharko ditu, gutxi gorabehera.

Programa merke bat filmak editatzeko

FinalCut programa liderra omen da filmak editatzeko aplikazioen artean, baina garestia da. Horregatik, Applek beste bat sortu du, FinalCutExpress, arinagoa eta merkeagoa bestea baino: 300 euro balioko du (besteak, 1.000).

17 hazbeteko Titaniuma

Titanium izango da Applek inoiz atera duen ordenagailu txikirik onena. Orain 17 haztebeko pantaila izango du (lehengoa 15 haztebekoa zen), baina besterik ere izango du: Bluetooth (haririk gabeko teknologia), FireWire 2 eta AirPort sarean jartzeko teknologia. PowerPC G4 prozesagailua izango du, GHz 1ekoa, 512MB Ram, 60GBko disko gogorra eta DVD grabagailua.

12 hazbeteko Powerbook txikia

Aurrekoaren teknologia bera aplikatuz, Applek PowerBook txikiagoa eta merkeagoa sortu du. “Inoiz egin den PowerBookik merkeena da”, esan zuen Jobsek. Bi aste barru salgai jarriko da, 1.800 euroan. G4 prozesagailu bat izango du, 512 MHzkoa eta disko gogor bat 40GBkoa, Bluetooth, etabar.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu