Zeren bila sartzen gara Google, Lycos edo Yahoo bilatzaileetan? Orain bost urte hitzik erabilienak ziren Star Trek eta megahertz. 2002an, berriz, Spiderman eta Shakira.
Bost urtean izugarri aldatu da Internet. Orduan teknofiloak ziren nagusi; hortik Star Trek eta megahertz hitzak. Gaur egun, ostera, gaztetxoak dira jaun eta jabe. Eta hori igartzen da emaitzetan. Aurtengo hitzik erabilienak lotuta daude ikuskizunekin, pertsona ospetsuekin eta musikarekin.
Merkatu adituak konturatu dira sareko bilatzaileak ondo aztertuz gero, posible dela igartzea zer moda eta joera etorriko zaizkigun laster batean. Horregatik jarri dituzte soziologoak lanean, argia egin dezaten datuen artean.
Daturik osoenak Google Zeitgeist delakoak ematen dizkigu. Aurtengo hitzik bilatuenak aurki ditzakegu (Spiderman eta Shakira), eta behera gehien egin duten hitzak ere bai (Nostradamus igarlea eta Napster); emakumerik (Jennifer López) edo gizonik bilatuenak (Eminem), markarik (Ferrari), atletarik (David Beckham) edo musikaririk (Eminem) ezagunenak, filmik ikusienak (Spiderman) edo saltzailerik ezagunenak (Ikea). Informazio hau oinarrituta dago 55.000 milioi bilaketatan, urtean zehar egin direnak.
Ikusgarria benetan Las Ketchup taldearen kasua. Googlen grafikoak ederki erakusten du noiz eta nola hedatu den taldearen arrakasta munduan zehar. Edo Irak noiz hasi den albiste bihurtzen sarean.
Lycos
Dragonball da, Japonian egindako marrazki bizietako pertsonaia, hitzik bilatuena Lycos bilatzailean. Bigarren urtez jarraian. Natalie Portman-ek, bestalde, antzarak perratzera bidali du Angelina Jolie sareko ospetsuenen zerrendatik.
Napster asko jaitsi da musika bilatzaileen artean. Hala ere, hor daude puntaren puntan Kazaa eta Morpheus musika bilatzaileak. Pressplay eta MusicNet diskoetxe handiek sortutakoak, berriz, agertu ere ez dira egiten. Diskoetxe handiak, beraz, galtzen ari dira gerra sarean.
Yahoo!
Yahoo! bilatzaileak ere badu orri bat jasotzen dituena datu hauek, alegia zeren bila sartzen garen bilatzaile horretan. Hor, adibidez, erraz ondoriozta liteke Gabon hauetan zeintzuk izango diren oparirik salduenak Interneten: PlayStation 2, Yu-Gi-Oh!, X-Box eta Dragonball Z, Neopets eta Barbie panpinekin batera.
Honek ere argi erakusten du jende ospetsuaren bila, filmez galdezka eta entretenimendu bila sartzen garela Interneten. Ikusita zeintzuk hitzek egin duten gora, esan liteke datorren urtean asko ikusiko direla The Hulk eta Daredevil filmak, The Sims Online jokoa eta dezente entzungo dugula Nivea eta 50 Cent artistak. Eta Las Ketchup moduko ezustekoak, jakina.
Erantzun
Sartu