Apple etxea itxuratzen ari da estrategia bat lotzeko sakelako telefonoak eta bestelako tresna digitalak Macintosh ordenagailuekin, ustez-eta horrela berreskuratuko duela markatuaren zati bat ordenagailuetan. Baina Microsoftek ustel bihur litzake asmo horiek.
Apple enpresa azken ukituak ematen ari zaizkio iSync programari, zeinak informazioa sinkronizatuko baitu Mac ordenagailu, Bluetooth daramaten telefono, PDA edo Applen beraren iPod musika jogailuen artean. 2003aren hasieran gertu egongo da. Programa honi esker, erabiltzaileak informazioa sortuko du eta hainbat aparailutan kopiatuko: egutegiak, zerrendak, helbideak, abestiak, etab. Prezio baten truke, beti ere.
Teknologia berri hau oso garrantzitsua izan daiteke orain. Izan ere, ordenagailuak albo batera uzteaz batera, kontsumitzaileak bestelako aparailuak erosten ari dira gero eta gehiago: argazki kamera digitalak, PDAk, musika jogailuak edo sakelako telefonoak, esate baterako. Analistek uste dute sinkronizazio merkatu hau kontrolatzen duenak sekulako etekinak irabaziko dituela.
Gurpegi digitala
Horregatik sortu zuen Applek iSync programa, espero duelako horri esker merkatu zati bat berreskuratzea. IDC prospektiba etxeak dioenez, Mac sistema eragileak merkatuaren %3,1 baino ez du. Windows, aitzitik, ordenagailu guztien %90ean erabiltzen omen da. Etxe beraren iritziz, 2005erako Linux bihur liteke bigarren sistema eragilerik erabiliena munduan.
Baina Applek espero du sinkronizazio programa honi esker talka jarriko diola gainbeherari. Eta horretarako diseinatu du estrategia berezi bat, zeinak kokatzen du Mac ordenagailua iraultza digitalaren bihotzean.
Digital hub kontzeptua erabiltzen du horretarako, alegia, gurpegi digitala. Eta zer da hori? Gurdi baten gurpilean gurpegia da erdiko begia, metalezko uztai bat, non elkartzen diren gurpilaren izpiak. Applen estrategian, Mac ordenagailua da gurpegia, non elkartzen diren tresna digital guztiak.
Microsoft zelatan
Baina Microsoft ez dago lo. Ikusita zer ari zen lantzen Apple, berak ere sortu du antzeko programa bat, ActiveSync, erabili duena batez ere Pocket PC erako antolagailuetan. Datorren martxorako-edo, Microsoftek informazio gehiago eskainiko du programa honen gainean, baina oraindik ez dago argi zenbateraino bultzatuko duen sinkronizazioaren estrategia.
Hori bai, erabakitzen badu ActiveSync uztartzea Windows sistema eragilearen barruan eta badirudi baietz, Applen ametsak putzura joan daitezke, amets zoroen modura. Gogoratzen zer gertatu zen Explorer eta Netscape nabigatzaileen artean? Bada, horrelako zerbait gertatuko litzateke orain ere. Windowsen monopolioari esker, Microsoftek hil egingo lukeela inork sortutako aurreramendu teknologikoa.
Hemen ere, Microsoftek erabiltzen ditu protokolo batzuk, bere-bereak, bateragarri ez direnak kanpokoekin. Apple, ostera, hainbat protokolo hobesten ditu, batez ere SyncXML delakoa, estandar bihurtzen ari dena sinkronizazio teknologietan.
Gehiago jakin nahi baduzu berri honen gainean, hemen duzu aukera.
Erantzun
Sartu