Aurreko larunbatean, goizeko 11:30ean ireki zen ofizialki, Martin Ugalde Kultur parkean Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa duen egoitza. Orain, elkarlanean egindako emankizuna entzun daiteke Internet bidez.
Aurkezpen laburra egin zuten Irantzu Jauregi eta Aitziber Perez de Karkamo, Arrosako partaideek.
Arrosa, ez da irrati bat ez baitu bere kabuz emititzen. Irrati askoren elkarlanarako zentroa baizik. Bertan Euskal Herri osoko irrati libre, herri eta eskualdeko irrati zein irrati komertzial batek indarrak batu dituzte.
Hasieratik, Arrosatik aste egunetan, ordu bateko irrati emankizuna ("Ostarteko balkoia" magazina) ematen ari dira. Magazin hori entzungai da Gure Irratian, Hala Bedi Irratian eta Oiartzun Irratian.
Laister, soinu zerbitzari bati esker, irrati guztientzako intranet antzeko bat osatu nahi dute. Bertan, irrati bakoitzen saioak digitalizatu eta bilduko dira, nahi duen irratiak erabil ditzan.
Hori horrela, horizonte berriak irekitzen zaizkio herri honetan irratigintza lokalean eta librean aditu askori. Sistema honen bidez, Xiberuko botzako emankizun bat, entzungai izan daiteke Gasteizen eta baita Gasteizkoa han ere.
Ea irrati ekoizpen zentro honek bere fruituak ematen dituen, eta irrati berriei bidea ematen dien.
Momentuz, jakin ezazue, "Ostarteko balkoia" magazina entzungai dela Internet bidez Gure Irratia -ren webgunearen bitartez, astelehenetik ostiralera arratsaldeko lauretan.
Erantzun
Sartu