Google eta Sustatu lagunak dira
2002-12-17 11:12
Ospakizun berezirik ez dugu egin, baina aste batzuk dira Goiena eta Code&Syntaxen artean sortutako Sustatu honek urtebete egin duela. Tarte honetan 2100 mezutik gora trukatu ditugu parte hartzen dugunok.
Baina hasieratik nabaritu genuen Google bilatzailearengan Sustaturen itzala. Izan ere, informazio eguneratua, gai anitzekin eta loturaz interesgarriez betea izateak bilatzaileak erakartzen ditu lehenago edo geroago.
- Google ia egunero dator Sustatura nobedade bila. Bilatu adibidez urko mendian eta lehenengo bi emaitzak Sustatukoak dira. Hirugarrena berriz, Sustatuko titularrak bere webgunean integratzen dituen Aurkitu.com atariarena. Hemen kuriosoena da normalean Googlek hilabete behar izaten duela eduki bat indexatzeko. Kasu honetan berriz, atzo publikatu Sustatun eta gaur Googlen emaitza!
- Asereje kasuan ikusi genuen nola bisitak goraka egin zuten derrepentean. Noski, Las Ketchup taldea famatu zen, eta kasualitatez Sustatuko artikulu batetan aipatzen zenez, Googlek jende guztia guregana bidaltzen zuen, Espainia, Italia eta Alemaniatik batez ere. Abuztuan 800 bisita izan zituen albiste horrek, eta irailean 2000 baino gehiago. Gero hainbeste webgunetan azaldu zenez abesti hori, Sustatukoa atzeratzen joan zen, nahiz eta hasiera batetan lehenak izan ginen.
- Euskadi Informazio Gizartean plana aurkeztu zenean ere gure lekua izan genuen. Oraindik webgune ofiziala ez zegoen bilatzaileetan, eta informazioa Sustatun azaldu zenez, jendea Sustatura etortzen zen informazio bila. Oraindik ere 6. postuan dago Google-ren bilaketetan.
- Goizeder Azua Barrios jatorri euskalduneko Miss Venezuelak oraindik ere bisita asko ekartzen ditu guregana, Googlen 6. postuan dago eta. Berdin gertatzen da bob dylan mp3, james taylor mp3 edo dvd pirata bilatu ezkero.
Baina kontutan hartzen baduzue Sustatu hain ongi konpontzen dela hainbeste eduki kanpotarren artean, zer gertatuko da euskararen mundu txiki honetakoak diren edukiekin? Hona hemen zenbait adibide:
- Kilometroak, Ibilaldia eta Nafarroa Oinezi buruzko informazioa bilatzean lehenengo Sustatukoak azaltzen ziren, bakoitza bere garaian. Gaur egun nahiko atzean daude Sustatuko erreferentziak.
- Kalegorria
- Pornolore
- Marea beltza
- Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
- Ordenagailuak
- Sprako tranbia
- ...
Beraz, badakizu: zerbait Googlen azkar eta seguru publikatu nahi baduzu, Zeuk Idatzi Sustatun .
Erantzunak kargatzen...