Teknologia albisteak

Estandar berria, inprimatzeko argazki digitalak

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2002-12-17 : 09:12

Munduko argazki kamera digital eta inprimagailu egilerik handienek onartu zuten joan den astean komunikaziorako protokolo bat, posible egingo duena lotzea kamera digitalak eta inprimagailuak ordenagailuen bitartekaritzarik gabe, eta inprimatzea argazkiak zuzenean, edozein dela ere kamera edo inprimagailuen marka.

Estandar berriak izena du DPS (Direct Print Standard) eta enpresa hauek bultzatu dute: Canon, Epson, Fuji, HP, Olympus eta Sony. 2003ko otsailetik aurrera agertuko dira lehen aparailuak DPS araua jarrita dutela. Hortik aurrera, bada, askoz ere errazagoa izango da argazkiak paperean inprimatzea, nahiz eta aparailuak marka desberdinetakoak izan.

Nola inprimatu

Inprimatu nahi dituenak argazkiak ordenagailurik gabe eta DPS araua erabilita, lotu beharko ditu zuzenean argazki kamera eta inprimagailua eta aukeratu zeintzuk argazki nahi dituen papereratu. Aukera izango du, halaber, bilduma bat egiteko orri batean, batzen dituena ateratako argazki guztiak tamaina txikian.

Argazki kamera eta inprimagailua edozein markatakoak izan daitezke, baina, hori bai, DPS protokoloa izan beharko dute instalatuta aparailu bietan.

Gaur egun badago inprimatzeko sistema komun bat, Exif Print deritzona, dabilena azken belaunaldiko kamera eta inprimagailu guztietan. Exif Print, gainera, bateragarria da Print Image eta Print Image II inprimatzeko teknologiekin, azken bi hauek Epson etxearenak.

DPS protokolo bat da, beraz, komunikazioa errazten duena aparailu desberdinen artean eta osatu egiten du Exif Print araua. Ia-ia amaituta dago, eta laster emango da argitara, azken proposamen teknikoa DPS zehazteko.

Hortaz, datorren otsailetik aurrera errazagoa izango da gure argazki digitalak inprimatzea, berdin dio Malibun gauden, Taj Mahal-en edo Tourmaleten.

Erantzun

Sartu