Vancouverko Liburutegi Publikoak aukera ematen die bere bezeroei aukeratu eta inprimatzeko, A3 tamainan, munduko 150 egunkari garrantzitsuenen artean. Munduko lehen liburutegia da jarri duena zerbitzu hau, eskatu ahala inprimatzekoa.
Nahi duzula irakurri The Jerusalem Post edo Pravda edo The Korean Daily News edo La Gazetta dello Sport? Vancouverren bizi bazara, Kanadako mendebalean, liburutegi publikora joan, aukeratu zein nahi duzun eta, bost minutu baino lehenago, hantxe duzu zure gustuko kazeta, A3 tamainan inprimatua eta zuk irakurtzeko prest.
Egunkariak egunekoak dira eta laser teknologiaz inprimatuak. Horretarako, Vancouverko Liburutegi Publikoak hitzarmen bat egin du NewspaperDirect enpresarekin, honek eskaintzen du-eta zerbitzu hori, NDprintstation softwarea erabilita. Liburutegien artean Vancouverkoa da munduan lehena zerbitzu hau eskaintzen. Dena dela, NewspaperDirect enpresak eskaintzen du zerbitzu hau beste 300 tokitan, munduan zehar barreiatuta: hotelak, saltokiak, bulegoak eta kruzeroak.
NewspaperDirect
Enpresa hau 1999an sortu zen, irekitzeko banaketa kanal berriak nazioarteko egunkari argitaratzaileei eta eskaintzeko negozioetako bidaiariei beren gogoko egunkaria, edonon, edonoiz.
Gaur egun 150 egunkari eskaintzen ditu, tartean munduko kazetarik garrantzitsuenak. Adibidez, The New York Times, Wall Street Journal, The Times, Le Monde, Sueddeutsche Zeitung, Mainichi Shimbun, Whashington Post, USA Today, Daily Mirror, El País, Clarín, Los Angeles Times, Il Giornale, An Nahar, Dong-A-IIbo, Aftonbladet, De Standaard, Philippine Daily Inquirer, Gazeta Mercantil, Frankfurter Allgemeine Zeitung, Korean Daily News eta beste asko.
Egunero-egunero egunkari hauek bidaltzen dute kopia elektroniko bat NewspaperDirect enpresara, eta honek banatzen ditu bere bezeroen artean, Londresen, Tokion, Bangkok-en, Cancunen, Hong Kongen, Las Vegasen, Moskun, Portugalen, Mexiko hirian, Nepalen, Varsovian, Hamburgen, San Petersburgon, Sao Paulon, Kariben, Emiratu Arabiar Batuetan eta beste hiri askotan. Zenbait kasutan gerta liteke, ordu aldaketa tarteko, baten batek irakurtzea egunkari bat, jatorrizko lekuan irten aurretik.
Vancouver
Noski, Vancouver ez da edozein hiri. Vancouver Handiak ia bi milioi bizilagun ditu hiriak berak, ordea, ia 600.000 bizilagun, oso aberatsa da eta oso kosmopolita. Han aurkituko duzu jendea Indiatik joana, Hong Kongetik edo Italia nahiz Islandiakoa. Beraz, badago merkatu bat horrelako zerbitzu bat jartzeko.
Erantzun
Sartu