Kontseiluak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Hizkuntz eskubideen egoera Pediatria eta Larrialdi zerbitzuetan izeneko topaketa antolatu dute. Abenduaren 14an egingo da Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialaren egoitzan.
Xabier Mendigurenek, Kontseilua -ren Idazkari Nagusiak azaldu duenez, beharrezkoa da hizkuntza normalizazioa gizarte arlo guztietara zabaltzea eta, zentzu horretan, osasun arloan egin daitekeena oso inportantea da. Hizkuntza eskubideen urraketak beti dira salatzeko modukoak, baina are gehiago arlo honetan.
Kontseiluaren Idazkari Nagusiak esan duenez, gizarteak kalitatezko zerbitzua eskatzen duela eta herritarren hizkuntzan zerbitzua emateak kalitatean oso eragin positiboa dauka. Beraz, euskaraz zerbitzua ematea hizkuntza eskubidea izateaz gain, kalitatean eragiten du eta herritarrok eskubideak bermatzea eta zerbitzu egokia jasotzea eskatzen dugu.
Larunbat honetako Topaketa Kontseiluak Hizkuntz Eskubideak sustatzeko eta bermatzeko abian jarri duen dinamikaren barruan kokatzen da.
Javier Agirrek, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen kideak osasun arloan hizkuntza eskubideen egoera kritikatu du, egindako ahalegin eta esfortzu guztien gainetik ere, euskarak osasunaren eremuan bizi duen egoera larria da benetan. EAEren kasuan, Osakidetza duela 20 urte sortu zen eta 20 urte pasatu ondoren ez du erakunde horrek bere burua euskalduntzeko inolako planik aplikatu.
Erantzun
Sartu