Teknologia albisteak

Euskaltzaindiaren lan txukuna sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Gontzal Landa - Goiena
2002-12-12 : 13:12

Oraindik aurkeztu ez badu ere, Euskaltzaindiak webgune berria du. Erakunde euskaltzalean albisteak izan direnak biltzeaz gain, euskaldunek dituzten zalantza linguistikoak argitzeko oso baliagarria izan daiteke. Izan ere, Euskaltzaindiak berak kaleratu dituen azken arauak eta Hiztegi Batua eskaintzen dira webgune txukun eta argi honetan.

Euskaltzaindiak ez du atzean geratu nahi, eta egun gutxi barru bere webgune berria aurkeztuko du. Erakunde ofizial hau informazio-iturburu izan ohi da, eta horregatik webguneak albistegi bat badu. Bertan euskararen eta euskaraz arduratzen den erakunde ofizial honen inguruko berriak azaltzen zaizkigu.

Halaber, euskaldunendako webguneko atalik interesgarriena Zuzenean izenekoa gerta daiteke; izan ere Hiztegi Batua eta euskararen arau nagusiak biltzen dituen atala da. Ildo horretan, Azken arauak atala ere baliogarria da zuzen hitz egin eta idazteko.

Euskaltzaindia ez da soilik erakunde arauemalea, gure hizkuntza ezagutzen laguntzen gaituzten argitalpenak ere sustatzen baititu. Eta horren erakusle Azken argitalpenak atalean jasotzen diren lanak dira. Interneteko txoko honetara hurbiltzen direnek liburu horien eskaria egin ahal izango dute. Horietako lan batzuk, gainera, CD Room formatoan erosteko aukera dago, Ohiko Euskal Mintzamoldeen Antologia esaterako. Hori gutxi balitz, lan horietan arakatzeko aukera ematen digu webguneak.

Oraingoz euskarazko bertsioa baino ez dago prest, baina "www.euskaltzaindia.net" helbidean ingelesez, frantsesez eta gazteleraz ere egongo da informaziorik. www.euskaltzaindia.net da, beraz Euskaltzaindiakoek aukeratutako helbidea.

Iñaki Kareaga Euskaltzaindiako webmasterrak esan digunez, "erdal bertsioetan lanean gabiltza. Egun batzuetara egingo dugu ganorazko aurkezpena; itzulpenak prest daudenean."

Beste BWEB sarean. Zorionak.

Erantzun

Sartu