Beribilak gidatzeko baimena atera behar izaten dugun moduan, laster, lana eskatzen dugun bakoitzean, erakutsi beharko dugu ordenagailuak gidatzeko baimena. Mondragon Unibertsitatea hasi da beharrezko ikasketak ematen, txartela eskuratzeko.
Mondragon Unibertsitateko bi irakaslek, Mari Carmen Bonillak eta Iñigo Arriaranek, biak ala biak Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (HUHEZI) irakasleak, jaso dituzte Europatik lehen gaitasun agiriak, hemendik aurrera azter dezaten nola moldatzen diren ikasleak ofimatikako aplikazioekin eta Interneten. Titulu horri esker, gainera, irakasleok gai izango dira behar diren ziurtagiriak emateko, gaitasuna erakusten duten ikasleei.
European Computer Driving Licence erakundeak (ECDL edo Europako Baimena Ordenagailuak Gidatzeko) eman die gaitasun agiria irakasle biei. Erakunde honek Bruselaren babesa du eta neurtu nahi du erabiltzaileak zenbateraino moldatzen diren informatikan, bai enpresek bai erakundeek lasai kontrata ditzaten, gaitasuna frogatzen duten kasuetan.
HUHEZIn 150 bat ikasle hasi dira ECDLk aztertzen dituen gaiak ikasten sistema telematiko baten bidez (e-learning). Helburua da bukatzen dituztenean diploma edo lizentzia ikasketak, eskura izan dezatela Informatika-Trebetasunen Europako Txartela eta, ondorioz, bizkorrago aurki dezatela lana.
Mondragon Unibertsitatea da, oraingoz, Euskal Herriko lehen unibertsitatea ematen diena bere ikasleei txartel hau, eta beronen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea aitzindaria da sistema telematiko hau aplikatzeko orduan, hala Irakasle Ikasketen barruan nola Humanitateak-Enpresa lizentzian.
ECDL aipatu izan dugu Sustatun lehenago ere.
Eusko Jaurlaritzak ere IT Txartela izeneko ekimena babesten du, Euskadi Informazio Gizartean planaren bidez, eta hori ere antzeko zerbait omen da.