Teknologia albisteak

Txoriak batu ditu berriz Zumeta eta Artze

Erabiltzailearen aurpegia
Argia astekaria - ARGIA
2002-12-03 : 10:12

JoxAnton Artzeren eta Jose Luis Zumetaren lana batzen duen lamina plazaratuko du ARGIAk Durangoko Azokarako eta harpidedunei oparitu egingo die. Artzeren «Txoria txori» poemak eta Zumetak okasiorako bereziki marraztutako txoriak osatzen dute lamina.

JoxAnton Artze eta Jose Luis Zumeta, poeta eta margolaria, batu nahi izan ditu ARGIAk harpidedunei oparituko dien lan berri batean.

Artzeren «Txoria txori» poema ezaguna oinarri bezala hartuz, Zumetak txori baten marrazkia egin du ARGIArentzat bereziki. Bi elementuek osatutako lanak balio sinbolikoa du, izan ere, 1973an argitaratutako «Laino guzien azpitik... eta sasi guztien gainetik» izeneko liburuan egindako lanari nolabaiteko jarraipena ematen dio. Lan hartan Artzek idatzitako poemei (orduan «Harzabal» izenez sinatutakoak) gehitu zizkien Zumetak marrazkiak eta bi liburukietako azalak. Orduan bezala, oraingo laminan egin duen marrazkian ere, txoria da protagonista.

BALIO SINBOLIKOA. ARGIArako egin duen txoria «arketipo» bat dela dio Zumetak, eta honen interpretazioak mota guztietakoak izan daitezke. Artzeren poemak berak ere izugarrizko balio sinbolikoa izan du euskal kulturan. Besteak beste, hainbeste aldiz musikatua izateak frogatzen ditu batzuei zein besteei poema honek barruan sorrarazitako sentsazioak. 1969an argitaratu zuen «Txoria Txori» poema lehen aldiz, «Isturitzetik Tolosan barru» izeneko liburuan. Eta ordutik, ez dela modaz pasa esan genezake. Marrazkiarekin bezala gertatzen da poemarekin. Ulertzeko mila era daudela, autoreak bat nabarmentzen duen arren: «Batez ere da ea maite duzun hori nahiago duzun zure ondoan mantendu ez dena izanik, edo nahiago duzun urrundu dadin dena izanik». Dena den, bakoitzak askatasunaz eta nortasunaz duen iritziaren arabera, interpretazio ezberdinak sor litezke.

ARGIAk bakarrik: Lamina Durangoko Disko eta Liburuen Azokarako izango da kalean. Harpidedunek Azokako standean doan eskuratu ahal izango dute, 30,5x40 cmko neurriak dituen tanto gardenezko 260 gramoko paperean inprimatutako lamina. Harpidedun ez direnek 12 euroren truk erosi ahal izango dute han bertan.
Gezurra badirudi ere, laminak bi egile hauek argazki batean biltzeko aukera ere eskaini du, biak elkarrekin agertzen ziren azken argazkiak duela 35urtekoa baita.


Informazio gehiago

Erantzun

Sartu