Sustatu logoa Teknologia albisteak

Sareko El País, ordainduta

Dick Turpin
2002-11-15 12:11

“Musu truke ez da ezer”. Horixe erabaki du Prisa komunikazio taldeak eta horregatik, datorren astetik hasita, El País egunkariaren sareko bertsioa irakurri nahi duenak, ordaindu egin beharko du: egunean 20 zentimo.

Iraultza, balio erantsia eta dimentsio berria aipatzen ditu El País egunkariak iragartzen duenean datorren astetik aurrera kobratzen hasiko dela sareko egunkaria.

Zertan oinarritzen da, baina, hori esateko? Diseinu berrian. Prisacom taldeak goitik behera berdiseinatu du El País.es eta horren karian konbentzitu nahi ditu bere irakurleak ordaintzen has daitezen egunkaria irakurtzearren.

Hemen ikusiko duzuen legez, diseinu berriak antz handia du Cinco Días sareko egunkari ekonomikoarekin, hau ere Prisa taldearena.

Zer eskaintzen duen diru truke

Prisak berak dio egunero milioi erdi bisita dituela El País.es egunkariak. Aurretik The Wall Street Journal edo The Economist hedabideek egin duten bezala, egunkari espainiarrak nahi du dirua irabazi bisitarien kontura. Eta horretarako hainbat zerbitzu eskainiko die:

  • Informazio eguneratua egunaren 24 orduetan.
  • Infografia biziak.
  • Elementu multimediak.
  • Elkareraginkortasuna.
  • Aukera El País-en artxibo historikoan sartzeko.
  • Aukera jaisteko paperezko edizioa PDF formatuan.
  • Lurraldeetako edizioak eta gehigarriak.

Zerbitzu hauekin batera, edizio berriak aukera gehiago eskainiko ditu, Sustatuk bezala: azken albisteak eta albisterik irakurrienak ikustea, konparazione.

Harpidetza motak

Jasotzen dutenek paperezko edizioa harpidetza bidez, doan jasoko dute edizio digitala. Besteek, bi aukera izango dituzte harpidetza egiteko: urte osoko harpidetza 80 euroren truke; edo urte erdikoa, 50 eurotan.

Abenduaren 31 bitartean, ordea, nahi duenak astebeteko froga bat egin lezake, erabat doan. Aldi horretan jasoko ditu eduki guztiak harpideduna balitz bezala.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu