Gazteluko Plazako lanak ez dira legezko
Horixe esan du epaiak. Hori entzuteaz bat, Ondarearen Defentsarako Herri ekimenak birrinketa salatuko duela iragarri du. Berria orain dela gutxi atera da eta hautsak harrotuko ditu. Tribunalek lanen esleipena anulatu dute.
Iruñean kokatzen da Gazteluko Plaza. Aurtengo San Ferminetan barreratik bakarrik ikusi ahal izan dugu eta oraindik ere iraungo dute barrera horiek. Edo lanak geldiaraziko ditu Udalak Nafarroako Ezker Batuak eta lehen Batasuna deitzen zen alderdiak gaur eskatu duten moduan? Lanen esleipena gura duten erara egin izana salatu dute behin berriz.
Indusketa arkeologikoen "erruz", proiektuaren aurrekontua 7,7 milioi eurotik 13 milioira igota zegoen. Orain zer?
Nafarroako justizia tribunal gorenak eman du epaia. horren ondorioz, 2001eko apirilaren 5ean osoko bilkurak hartutako erabakia atzera bota du. EYSSA enpresak atzera egingo du? Gogoratu behar da urte bat baino gehiago daramatzatela lanean enpresa honetakoek.
Bigarren sektorean aurkitutako harresia gazta baten antzera zatituta suntsitzen ari direla salatu zuen Ondarearen Defentsarako Herri Ekimenak. Vianako Printzea erakundeak harresia proiektuan barneratu behar zen gauza bakarra zela esan zuen. Plaza inguratzen du harresiak, eta zigorrik jaso gabe suntsitu dutela salatu zuen Pello Iraizozek, herri ekimeneko kideak.
Gazteluko plazari begira webcam-a
Lanek harresia zatitzen eta suntsitzen ari zirela begi bistakoa zen. Hala ere, gaur goizez lanean dihardutela konfirmatu ahal izan dugu Sustatun. Gazteluko plazan dagoen webcam-ean.
Zer egingo dute orain hirigintzakoek? Tere Gonzalez zinegotziak esan du informe teknikoak bideratuko direla berriz EYSSAk lanean jarraitu dezan.
Ondarearen espoliazio delituak ez duela agintzen gogoratu nahi izan zuten prentsa aurrean egindako adierazpenetan Pello Iraizozek eta Miguel Angel Muezek Ondaren Defentsarako Ekimeneko kideek.
Salaketekin aurrera Jarraitu zutela jakinekoa da eta Iruñeko Udala, Vianako Printzea, Eyssa enpresa eta Trama gabinetea, beste behin, salatuko dituztela iragarria zuten.
Erantzunak kargatzen...