Teknologia albisteak

Google, monopolio bidean?

Erabiltzailearen aurpegia
Asto Rider
2002-11-13 : 09:11

Bilatzaile guztien markak apurtu ditu Google-k. Nagusitasun izugarri horren atzetik, jakina, negozioa dator. Askoren susmoa da Google-k bere nagusitasuna nabarmen erabiltzen ari dela zeharkako publizitatea saltzeko: diru truke, Google-ren bilaketa emaitzetan zure enpresa gorago azalduko da. Zentsura kasuak ere salatu izan dizkiote.

Joan den urriaren amaieran Britainia Handiko ZDNet UK teknologia albistegian azaldu zen artikulu batean, Stefanie Olsen-ek (CNET News.com) zalantzan jartzen zuen Google eta beste bilatzaile handi batzuen jokabidea. Enpresa askoren etorkizuna bilatzaile horien jokabidearen mende egon daitekeenez, batzuek zerbitzu publikoen gisara arautu behar direla hasi dira eskatzen.

Google-ren nagusitasuna bilatzaileen artean ikaragarria ari da bihurtzen. Batez beste, Google-k hilean 15 milioi orduko bilaketak ditu; aldean, Yahoo-k 6 milioi ordu. Bilaketa ordua kalkulatzen da biderkatuz bilaketa kopurua eta bilatzaile bakoitzak bertan ematen duen minutu kopurua.

Jakina, nagusitasunak etsaigoa dakar atzetik, eta Google-ren «bekatuak» salatzeko webguneak sortu dira, batez ere Google Watch. Webgune horretan, Google-ren bilaketa algoritmoen trikimailuak agerian uzteaz gain, bilatzaile horren «zentsura» ere salatzen dute, batez ere Txinak Google eta beste bilatzaile batzuk blokatzea erabaki zuenez geroztik. Diotenez, zenbait herrialdetan lege arazorik ez izatearren, abortuaren aurkako webguneak, nazien aldekoak, edota juduen aurkakoak ez dira agertzen Google-ren emaitzetan.

Erantzun

Sartu